Sorginen Lasterketak inoizko parte-hartzerik handiena izango du, 300 korrikalarigaz

Joseba Derteano 2019ko ira. 13a, 11:30

Sorginen Lasterketa osasuntsu helduko da zapatuko 12. aldira. Parte-hartzeari dagokionez, inoiz baino korrikalari gehiago egongo dira Axpeko irteera puntuan. 300 lagunentzako tokia dago, eta abuztu amaieran heldu ziren muga horretara. Aurten, lehenengoz bete da izen-emateen zerrenda.

Beti ez du izan gaur egun duen izena. Orain 11 urte sortu zenean eta hasierako aldi haietan, mendi lasterketen egutegiko erreferenteetako bat izan zen. Gerora, ostera, beherakada izan zuen eta, apurka, erreferentzialtasuna galtzen joan zen. Parte-hartzeak ere beherantz egin zuen urterik urtera. Egoera zein zen ikusita, Durango Kirol Taldeko antolatzaileek ibilbidea aldatzea erabaki zuten 2016ko aldiari begira. Amu erakargarri bat sartu zuten ibilbidean: Anboto gaina. Baina urte hartako parte-hartzaileak gogoagaz geratu ziren, eguraldi txarraren ondorioz ibilbidea moldatu beharra egon zelako, Anboto puntatik igaro barik. 2017an ere ezin izan zen tontorretik igaro. Baina iaz bai, iaz Anboto gaina zapaldu zuten korrikalari guztiek. "Jendea pozik geratu zen. Iazko askok errepikatu egin dute eta beste askok izena eman eta probatzea erabaki dute. 25-30 bat laguneko itxarote-zerrenda bat ere izango dugu", adierazi du Durango Kirol taldeko Garazi Sampedrok.

Bihar izango da mendi lasterketa, Axpen. 10:00etan hasiko da. Korrikalariek 1.300 metroko desnibel positiboari aurre egingo diote, 18 kilometrotan. Irabazteko faboritoen artean, Nerea Eugenia Iturriaga eta Onditz Iturbe nabarmendu daitezke emakumeetan, eta Imañol Goñi, Asier Larruzea, Aitor Ajuria eta Asser Alonso gizonetan.

Umeentzako, 'Sorgin Txiki'

Lasterketaren harira, Asuntze Mendi Taldeak umeei bideratutako Sorgin Txiki izeneko mendi buelta antolatu du bihar goizerako. 09:30ean irtengo dira, Axpeko plazatik. Amaieran luntxa egongo da denentzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!