“Oraindino gurago dut txuletari arroz zuriagaz lagundu, ogiagaz barik”

Aitziber Basauri 2019ko uzt. 22a, 09:00

Tetsuro Maeda (Tokio, 1984) 2011n heldu zen Euskal Herrira, eta zortzi urte dira Etxebarrin lanean dabilela, munduko 3. jatetxerik onenean. Aerobic irakasle eta eski-pistetan sorosle lez ere lan egin du; eta 2.700 metrotan dagoen aterpetxe batean ere ibili zen sorosle.

Nola heldu zinen munduko hirugarren jatetxerik onenean lan egitera?
Hondarribian lan egin nuen aurretik, eta sukaldari batek esan zidan bazela dena txingarretan prestatzen zuen jatetxe bat, Michelin izar bat zuena gainera. Bada, probatzera joan nintzen. Asko gustatu zitzaidan. Batez ere, jan nituen Palamoseko ganbak. Bertako sukaldaritza erraz eta perfektuak harritu ninduen.

Nola lan egiten da halako mailako jatetxe batean?
Eskuei begira lan egiten dugu, zer dugun eta zer egin dezakegun ikusita. Aiztoa edo parrila izaten dugu eskumako eskuan, eta produktua ezkerrekoan. Biak ahalik eta ondoen uztartzen ahalegintzen gara. Baina, hori lortzeko, asko praktikatu behar da, asko pentsatu, produktua ezagutu, ulertu…

Ez duzu gustuko Etxebarriko japoniarra lez ezagun izatea.
Ez (barrez). Japoniarra naiz eta Axpen bakarra izango naiz, bai, baina neure jatetxea eduki gura nuke. Oso etapa garrantzitsua bizi dut orain, baina hurrengora pasatu gura nuke. Bittor Arginzonizek egindakoa egin gura nuke. Bere bidea egin du, oinarri-onarritik hasita, eta orain mundu guztiaren aitortza du.  

Epe laburrerako proiektua duzu?
Etxean lagunentzat kozinatzen dut; ‘Tetsubarri’-n, lagunek izendatu duten moduan. Ez dut gogorik joateko, baina nire proiektua jaioterrian, Japonian, aurkeztu eta garatu behar dudala uste dut.Jatetxe bat sortu, gurasoekin gura dugun bizitza eramateko. Hala ere, Axpera bueltatu gura nuke, bizitzaz disfrutatzera.

Axpeko borda batean bizi zara, zaratarik barik, bakartuta…
Ez pentsa, naturak zarata handia egiten du gauetan. Emaztea eta biok bakartuta bizi gara, baina ez gara bakarrik sentitzen. Hainbat herri eta zerbitzu gertu daude. Bizilagunak ere hor daude eta gero eta integratuago sentitzen naiz.

Egokitu zara hemengo ohituretara?
Bizitzeko ohitura txikiak desberdinak dira hemen: ohean lo egitea, etxera oinetakoak kendu barik sartzea…, baina horrek guztiak ez dit eragozpenik sortu. Gauza bat ez dut lortu: ogia jatea. Oraindino gurago dut txuletari arroz zuriagaz lagundu, ogiagaz barik.

Non jaten da hobeto, Euskal Herrian ala Japonian?
Euskal Herrian jendeak produktuaren zaporeagaz disfrutatzen du. Alde horretatik, hemen jaten da hobeto. Produktuagaz lotuta dago sukaldaritza.

Animatu zara euskaragaz?
Berba gutxi batzuk dakizkit, baina gaztelaniaz ere ez dakit guztiz ondo, eta lotsa ematen dit euskaragaz hastea. Gaztelaniagaz barik, euskaragaz hasi izan banintz...

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!