Atxondoko jaiak

Migratzaileak babesten dituen Atxondoko Harrera Taldeak jaurtiko du Apatako jaiei hasiera emateko txupinazoa

Markel Onaindia 2019ko eka. 25a, 08:41

Otsailetik hona, migratzaileenganako elkartasuna erakusten duen ekimen berezi bat martxan dute Atxondon. Gerratik eta pobreziatik ihesi datozen migratzaileak babesteko, Harrera Taldea sortu zuten hainbat herritarrek, eta egindako lan horrek errekonozimendu publikoa izango du.

Izan ere, taldekoek, migratzaileekin batera, Apatako jaietako txupinazoa jaurtiko dute. Mikel Corrales taldekideak azaldu du eurek prestatu duten testuaz gainera, uneotan herrian dauden migratzaileek ere irakurriko dituztela esaldi batzuk balkoitik. 

Bestalde, asteburu honetan bertan Axpeko jaietan ere parte hartuko dute migratzaileek; besteak beste, euren herrialdeko jatekoa prestatu eta herritarrei eskainiko diete dastatzeko.

4 senegaldar eta 2 marokoar
Otsailaren 7an etorri ziren lehenengo migratzaileak Harrera Taldearen babespera, udalak utzitako Axpeko aterpetxera. Senegalgo hiru lagun eta Txadeko bi izan ziren. Azken hauek asiloa eskatzeko aukera dute, eta, horregatik, CEARek Oñatin duen egoitzara joan ziren Atxondotik. "Migratzaileek dituzten beharrizanen arabera laguntzea eta dinamikoa izatea da bilatzen duguna", esan du Corralesek. Gero, beste marokoar bi ekarri zituzten Jerez de la Fronteratik (Andaluzia, Espainia), hango talde bategaz elkarlanean. Orain, lau senegaldar eta marokoar bi daude bertan. 

Integratzen laguntzen
Aterpea ematetik aparte, herrian eta gizartean integratzeko laguntzen diete Harrera Taldekoek. Herriko zenbait boluntarioren artean, lau egunetan eskolak ematen dizkiete, gaztelania erakusteko. Ordu bi eguneko. Irailera begira, Lanbideko edo Helduen Hezkuntzako Ikastetxeko ikastaroren batean apuntatzeko laguntzen dabiltza. Bestalde, oraingoz paperik ez edukitzera, lan txikiak topatzen ere badabiltza. "Eurek aktibo mantentzea eta ekonomikoki iniziatiba hartzea gura dugu", esan du Corralesek. Harrera Taldekoek jatekoa lortzen diete, jendearen bitartez eta taldearen diruagaz finantzatuta, baina ez diete dirurik ematen zuzenean. 

Axpeko aterpetxera ume sahararrak etorriko dira orain, Hamadako Izarrak elkartearen eskutik. Hori hitzartuta zuten, eta, hori dela-eta, migratzaileak Apatako Maisuen Etxean egongo dira, hiru hilean. Gero, irailean, berriro Axpera bueltatu ahal izatea da euren intentzioa. Horretarako, udalagaz batzartuko dira, akordioa lortzeko asmoz. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!