Ekaineko euriteek Axpeko bidean eragindako kalteak konponduko ditu Atxondoko Udalak

Maialen Zuazubiskar 2019ko api. 2a, 09:50

Lanen esleipena Aste Santu osterako egin eta lanak San Juan jaiak baino lehen amaituta izatea aurreikusten dute.

Ekainaren 3an erruz egin zuen euria Durangaldean, eta Atxondo eskualdeko herririk kaltetuena izan zen. Apatatik Axperako bidean, euriteek kalte handiak eragin zituzten, eta, orduz geroztik, bidea hondatuta dago. Arazo horri amaiera jarri eta bidea konpontzeari ekingo diola jakitera eman zuen Atxondoko Udalak azken osoko bilkuran. "Euriteen erruz Axperako bidea txarto dago, eta, hori konpontzeko, lehiaketa publikora aterako ditugu lanak", esan zuen David Cobos alkateak.

Lanek 256.534 euroko aurrekontua dute eta San Juan jaietarako amaituta egotea aurreikusten du gobernu taldeak. Gorka Garate EAJko bozeramaileak lanak egiteagaz pozten direla esan zuen. "Denbora asko daramagu Axpeko bidearen kontuagaz, eta ordua zen", amaitu zuen Garatek.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!