Errefuxiatuen egoera ezagutu eta eurei laguntzeko asmoz, sentsibilizazio astea egiten dabiltza Atxondon

Maialen Zuazubiskar 2019ko mar. 22a, 14:00

Otsailaz geroztik, herritar talde bat beharrizana dutenei laguntzen dabil Atxondon. Orain hilabete inguru, beste herrialde batzuetatik exiliatu behar izan duten pertsonen harrera herria bilakatu zen Atxondo.

Ordutik, Axpeko aterpetxean dauden sei migratzaileekin lan integral bat egiteko asmoz, beharrean dabiltza hainbat kide, eta sentsibilizazio astea antolatu dute gainontzeko herritarrei proiektuaren berri emateko. "Errefuxiatuak ondo lekukotu dira herrian, eta, beraz, eurak aurkeztu eta euren egoera herrira zabaltzeko une aproposa dela uste dugu. Horregatik erabaki dugu sentsibilizazio aste hau antolatzea", adierazi du Mikel Corrales Atxondo Harrera Herriko kideak.

Sentsibilizazio astea
Eguaztenean eman zioten hasiera sentsibilizazio asteari, dokumental bategaz. Bestalde, gaurko, 17:00etarako, futbito partiduak antolatu dituzte, eta horien ostean, herriko tabernetatik pintxo potean ibiliko dira. Bihar, kulturartekotasun eguna ospatuko dute. Goizean, Euska eta Senegal perkusio taldearen saioa egongo da, eta, 14:30ean, bazkaltzeko batuko dira. Arratsaldean, M'lomp Senegal taldearen dantza saioa egongo da. Domekan emango diote amaiera sentsibilizazio asteari. 13:00etan, herritarrek taloa dastatzeko aukera izango dute Apatako plazan. "Herritarrak sentsibilizatzeaz gain, ekintza hauekin sostengu ekonomikoa lortzea ere bada helburua, proiektuari bultzada bat emateko. Ekonomikoki gastu handia dakar eta laguntasun dena da beharrezkoa", aitortu du Corralesek.

Egun, 21 eta 38 urte bitarteko sei gizonezko daude Axpeko aterpetxean. Lau Senegalekoak dira eta bi, Txadekoak. Hala ere, Atxondo Harrera Herria dinamikako kideek ez dute baztertzen datozen asteetan jende gehiago bertaratzea. "Oraindik gure artean zehaztu barik daukagu zenbat errefuxiatu hartuko ditugun, baina hamar bat izango dira gehienez", jarraitu du Corralesek. Gainera, astero hainbat proposamen jasotzen dituztela aitortu du. "Esaterako, Durangon senegaldar bat kalean bizi dela esan digute, eta gure asmoa berari ere laguntzea da; hau da, beharrizana dutenei laguntzea", gaineratu du. Bestalde, asiloa eskatu gura duten pertsonei laguntzea ere bada taldearen asmoa. "Eurek herrian geratu gura badute, posible den guztia egingo dugu Atxondon geratu daitezen", adierazi dute taldeko kideek.

Herritarren erantzun bikaina
Otsail hasieran herritarren aurrean dinamika aurkeztu zutenetik, hainbat atxondar lanean dabiltza errefuxiatuei laguntzeko asmoz. Esaterako, fruta saltzaileak fruta eramaten die; zenbait baserritarrek, euren produktuak; herriko farmazialariak, botikak; eta hainbat herritarrek, arropak, besteak beste. Horrez gain, medikuarenera joaten eta asialdiko zenbait ekintza egiten ere laguntzen diete. "Egia esan, atxondarren erantzuna oso ona izan da orain arte. Baita udalarena ere, eta oso eskertuta gaude", amaitu du Corralesek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!