Epaileak arrazoia eman dio Atxondoko Udalari, beraz Adifek 238.455 euro ordaindu beharko ditu maisu etxearengatik

Maialen Zuazubiskar 2019ko mar. 1a, 11:30

Duela hamarkada bat baino gehiago AHTaren bidea egiteko Adifek hainbat lur desjabetuko zituela iragarri zuen, tartean Atxondoko maisuen etxea.

Maisuen etxearen gainetik 1,6 kilometroko biaduktua egiteko proiektua dago eta. Orduan, duela hamarkada bat inguru, Adifek udalari maisu etxearengatik 73.000 euro inguru egokitzen zitzaizkiola adierazi zion, eta udala zenbateko horrekin ados ez zegoenez epaiketara eraman zuen kasua; udalak 269.591 eurotan baloratzen zuen etxea. 
 
Orduz geroztik, epaiketetan izan dira, eta hainbat errekurtsoren ostean, epaileak arrazoia eman dio Atxondoko Udalari. Beraz, Adifek ia 239.000 euro ordaindu beharko dizkio udalari. "12 bat urte dramatzagu kontu honekin, eta azkenean egindako lanak eman du fruitua", adierazi du David Cobos alkateak. Horrez gain, "justizia egin" dela adierazi du.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!