Herriko ume zein gaztetxoentzat ludoteka bat zabaldu dute Axpeko udaletxe zaharrean

Maialen Zuazubiskar 2019ko ots. 27a, 08:43

Herriko ume eta gaztetxoek Axpen  egoteko eta jolasteko gune bat izan dezaten, ludoteka bat zabaldu du Atxondoko Udalak. David Cobos alkateak jakinarazi duenez, egun ume asko dago Axpen, eta horiei leku bat jartzea "beharrezkoa" da.

Udaletxe zaharrean atondu duten gunean, umeek hainbat gauza dituzte jolasteko: koltxonetak, jolasak eta mahaiak, besteak beste. Gainera, erabilera anitza izango duen gunea ez da umeentzako gunea izango bakarrik. Gaztetxoek ere erabiltzeko aukera izango dute.  Gunea umeekin jolasteko, gaztetxoak egoteko, ikasleek ikasteko, batzarrak egiteko eta abarretarako erabili ahalko da. "Arrazolan dagoen ludotekaren antzerakoa da, eta, beraz, atxondarrek hainbat gauzatarako erabili ahalko dute txoko berri hau", adierazi du alkateak.

Ordutegirik ez
Ludoteka berriaren ordutegiari dagokionez, honek ordutegi zehatzik ez duela izango jakinarazi du Cobosek. Txoko hau erabili gura duten herritarrek giltza eskatu beharko dute eta eurek gura dutenean erabili ahalko dute. "Arrazolan sistema hori daukagu eta, egia esan, oso ondo dago. Herritarrek eurek gura dutenean joan daitezke: goizean, arratsaldean, eta baita gauean ere. Badakigu herriko ikasle batzuek iluntzean ikasteko aprobetxatzen dituztela gela hauek", amaitu du David Cobosek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!