Atxondarren iritzia jasota, 2019an kultur etxe berria egiteko lanei ekitea gura du udalak

Maialen Zuazubiskar 2019ko ots. 14a, 09:07

Urkuzu baserrian egingo duten kultur etxea nolakoa izango den zehazteko, parte-hartze prozesuan murgilduta ibili dira atxondarrak, eta dagoeneko herriko hainbat talde eta norbanakok nolako kultur etxea gura duten adierazi dute.

Urtarrilaren amaieran egin zuten azkenengo batzarra, eta hamabost bat lagunek euren lehentasunak mahaigaineratu zituzten, teknikarien laguntzagaz. "Daukagun eraikinagaz eduki genitzakeen konfigurazio posibleak aztertu genituen batzarrean batu ginenok, eta eraikina kontuan hartuta lehentasunak nabarmendu genituen", jakitera eman du David Cobos alkateak.

Egun eraikinak hiru solairu dituen arren, kultur etxe berriak solairu bi izango ditu. "Solairuak txikiegiak ziren, eta klaustrofobikoa izan zitekeela esan digute arkitektoek. Beraz, herri batzar hauetan parte hartu dugun herritarrok solairu biko eraikina izatea erabaki dugu", esan du alkateak. Gainera, kultur etxe berria egin aurretik, egun dagoen egitura guztia bota egin beharko dute, eraikina kaltetuta dago eta. "Orain urtebete baino gehiago, tratamendu bat egin genuen termiten kontra, baina egitura ikututa gelditu dela ikusita eta solairuen neurria desegokia dela jakinda, lehenengo hustu egingo dugu eraikina", esan du Cobosek. Beheko solairuak 200 metro koadro inguru izango ditu, eta goikoa zertxobait txikiagoa izango da.

Behin herritarren iritzia jasota, arkitektoek proiektua landuko dute eta, horren ostean, lanak esleitzeko prozesua hasiko da. Urte amaierarako ekin gura diete lanei Atxondon. "Legegintzaldia amaitu orduko jarri gura dugu lehiaketa martxan. Lanak 2019an hastea da gure asmoa, eta kultur etxea  2020an amaituta egotea", adierazi  du alkateak.
Atxondoko Udalak 2008an erosi zuen Urkuzu erretegia zena. Hasieratik, udalak kultur etxea egiteko asmoa eduki du bertan, baina orain arte ezin izan dute helburua gauzatu. Hamaika urte geroago, lan hauei ekitea gura dute, eta Atxondoko Udalak 200.000 euro baino gehiago jartzea aurreikusten du lanak egiteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!