“Osasun pilula bat da yoga, oso osasungarria, bai gorputzerako, bai bururako”

Aitziber Basauri 2019ko urt. 27a, 10:30

Argentinar askoren arbasoek Euskal Herrian dute jatorria. Zulma Noemi Secueloren arbasoek ere bai, eta, beraz, lotura berezia sentitzen du Euskal Herriagaz. Yoga dinamikoa, hasiberri direnentzako ariketa lasaiak eta artrosia edo artritisa dutenei zuzendutako yoga eskolak ematen ditu orain hiru urtetik hona. Mugikortasun arazoak dituztenentzat ere bai. 60 ikasle ditu.

Zerk ekarri zintuen Argentinako Patagoniatik Atxondora?
Kasualitatez etorri nintzen. Aurretik, 12 urtez Alacanten (Valentzia) bizi izan nintzen. Argentinak bizi zuen egoera kritikoaren aurrean, 40 urte bete baino lehen, Europan bide berri bati ekitea erabaki nuen; argentinar guztiok ditugu-eta aitita-amamak hemen. Orduan, Malagara joateko aukera izan nuen. Hilabete batzuk egin nituen han, Alacantera joan arte. Niretzako moduko tokia ez zela-eta, denbora gutxira Argentinara bueltatzekotan ere izan nintzen, baina, azkenean, alabak ekarri nituen eta bertan geratu nintzen. Orain hiru urte Atxondora etorri nintzen arte. Alabak lehenago etorri ziren; bost urte daramate hemen. Argentinar askok Euskal Herrian dugu bihotza.

Arbaso euskaldunak dituzue askok.
Arakatzen hasita, ia argentinar guztiok ditugu abizen euskaldunak. Nik arbaso galiziarrak, euskaldunak eta italiarrak ditut. Burugogorrak ere bagara. Norbait zerbaitetan tematzen denean, segituan esaten diogu: “Zer zara, euskaldunen seme-alaba?”. Harreman handia dago.

Bizimodua oso desberdina da hemen?
Ez. Patagonian kilometro karratu bakoitzeko pertsona bat bizi da, eta klimari eta jatekoari dagokienez, etxean bezala sentitzen naiz. Alacanten deserrotze handia sentitu nuen; 150.000 biztanle ditu. Atxondon Argentinako bizimodura bueltatu naiz. Gainera, euria maite dut, pozik sentitzen naiz euria ari duenean, eta hemen hainbeste egiten duenez…

Eta nola moldatzen zara euskaraz?
Ordutegia dela-eta, arazoak ditut euskaltegira joateko, baina saiatzen naiz. Zenbakiekin eta agurrekin hasi naiz. Ezagutzen ditudan berbak erabiltzen ditut. Ilobak ere erakusten dit. Valentzian jaio zen, baina txikitatik erakutsi diote euskaraz. Elx-en (Valentzia) euskaraz ikasten ibilia da alaba. Bost laguneko taldea ziren eta denak etorri dira Euskal Herrira. Ilobagaz eta urteekin ikasiko dut euskaraz.

Yoga irakasten duzu. Urte asko daramatzazu yoga egiten?
Elx-en hasi ginen alabak eta ni, laurok. Guztiz harrapatu ninduen. Maiteminduta zaudenean bezala sentitzen zara: pozik, barre egiteko gogoz. Ordubete ematen duzu behatz potoloan pentsatzen, beste ezertan ere ez. Inoiz ere ez dut pentsatu eskolak ematea, baina etorri nintzenean, hainbeste maite nuen hori besteei erakustea pentsatu nuen.

Modan dago yoga?
Bai. Jendeak ez daki asko yogari buruz, eta medikuak aginduta  doaz asko. Lunbagoa edo ziatika osatzen ditu, indartsu sentiarazten zaitu, bularra zabaltzen du... Giharrak indartsu eta luzatuta izatea lortzen dugu. Behin eginda, badakizu errepikatuko duzula.

Gorputzeko korapiloak ezik, burua ere askatzen du yogak?
Lotuta daude biak. Buruan arazoren bat badarabilzu, gorputzean ere igarriko duzu. Gorputza meditatzeko prestatzea da yogaren helburua. Meditazio aktiboa da, eta meditazioak benetan laguntzen du. Yoga denontzat da onuragarria. Osasun pilula bat da, oso osasungarria, bai gorputzerako, bai bururako.

Ez du praktika erraza ematen...
Hasieran kosta egiten da, sustoa ere hartu zenezake. Hala ere, luzapenak ahal diren neurrian egiten dira. Bizkarra luzatzea da helburu nagusia, bizkarra delako ipurtezurretik burezurrerako lotura. Ondo arnastea ere ezinbestekoa da. Bizkarrezurreko giharrak landuz, masailezurra lasaitzen da, eta, yogiek diotenez, ariketa hipopresiboek gazte mantentzen laguntzen dute. Arnasketa egiterakoan hartutako oxigenoagaz elikatzen dira zelulak.

Gure burua ezagutzeko tresna da yoga?
Bai. Bizi osorako tresna, behin hartuta inoiz utziko ez duzuna. Iaz urte gogorra izan nuen eta yogak asko lagundu dit. Egunean minutu bat hartu behar dugu arnasteko, arnasketa kontzientea egiteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!