Bost errefuxiatu hartuko dituzte Atxondon, herri proiektu bati esker

Maialen Zuazubiskar 2019ko urt. 23a, 14:01

Urtarrilaren 25ean 18:30ean udaletxeko pleno aretoan bilera irekia egingo dute.

Beste herrialde batzuetatik exiliatu behar izan duten pertsonen harrera herria izan gura du Atxondok. Hori horrela, lehenengo pausuak eman eta bost errefuxiatu Axpeko aterpetxean hartuko dituzte, lau hilabetez. Ohar  bidez herri proiektu honetako kideek jakitera eman dutenez, asmoa "harrera integral" bat eskaintzea da. "Atxondon dauden denbora tartean migrazio prozesu horren ostean burua eta gorputza deskatsatzeko aukera izan eta euren etorkizunaren inguruan lasai erabaki dezaten gura dugu", adierazi dute herri proiektu honetako kideek.

Bestalde, oharraren bidez herritarrei eta eskualdean proiektuaren inguruan interesa izan dezaketen pertsonei dei egin diete barikuan 18:30ean egingo duten batzar irekian parte hartu dezaten. Proiektu "horizontal, antiarrazista, gizatiar eta eraldatzailea" dela adierazi dute.

Horrez gain, errefuxiatuak, baliabide pertsonal eta materialak prest dituztenean hartuko dituztela jakitera eman dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!