Apatako plazan jolasgune ireki bat sortuko dute, orain arte egon diren oztopo arkitektonikoak kenduta

Maialen Zuazubiskar 2019ko urt. 22a, 11:30

Apatako eremu publikoak berrantolatzeko, Kale Irekiak prozesuak ondorio argi bat utzi zuen 2016an. Herritarrek adierazi zutenez, plaza eta bere ingurua dira Apatako erdigunea, eta hango espazioa errealitate horretara moldatu beharko litzateke.

2017an, herriko erdigunea oinezkoentzako gune bihurtzeko asmoz, Euskalerria kalea itxi egin zuten autoentzat, eta, horrela, plaza ingurua berrantolatu zuten.

Orain, berriz, herriko erdigunea den plaza handitu eta eliza eta inguruko etxebizitzetara irisgarritasuna hobetzeko asmoz, lanak egiten dabiltza. "Plazak funtzionalitaterik ez zuten hiru estadio zituen. Horiek kendu eta gune irisgarri bat sortzeko egiten gabiltza lanak", adierazi du Jorge Jauregi EH Bilduko kideak. Orain arte, plaza lau mailatan banatuta zegoen, eta otsailean zehar amaitu gura dituzten lan hauekin desnibel horiek kendu eta plaza maila bakarrean utzi gura dute. "Egun dauden oztopo arkitektonikoak kendu gura ditugu, jolasgune ireki bat sortzeko asmoz", esan du Jauregik. Lanok 35.000 euroko aurrekontua dute.

Bestalde, urtarrilaren 11n lan hauetan gas hodi batek zulatu txiki bat izan zuen. Jauregik esan duenez, hiru ordutara arazoa konponduta egon zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!