“Ilusioz eta gogo handiz hasi nintzen euskara ikasten, eta prozesu oso naturala izan da”

Aitziber Basauri 2018ko aza. 25a, 12:00

Bizitza modu oso intentsoan bizi duela dio Arrazolan bizi den madrildarrak. Ortuan, oiloak eta ahuntzak hazten, sagastiak lantzen... lurragaz lotutako hainbat proiektutan aritu da. Orain, ogi ekologikoa egiten hasi da. Ahal dituen ordu guztiak kentzen dizkio egunari eskalatzera joateko, eta barikutik Euskaraldian ahobizi da Gabi Romero Quant (Madil, 1995).

Madriletik Arrazolako baserri baterako saltoa  handia da. Nolatan aldaketa?
Ez zait horrelako salto handia iruditu. Lurrarekiko lotura handia izan dut beti. Majadahondan (Madril) bizi nintzen eta 15 urtegaz komunitate-ortu bat lantzen hasi ginen taldetxo bat. Ia 18 urtegaz etorri nintzen, Bilbora lehenengo. Gero, Arrazolara. Oso pozik nago hemen. Aurretik Kalifornian (AEB) bospasei hilabete egin nituen, osaba bategaz. Amaren partetik familia migratzailea dut; sustrai euskaldunak ere bai.

Azaldu sustrai euskaldunen kontu hori.
Amama Getxokoa nuen; hori izan zen nire lehen berba euskaraz. Ez zekien euskaraz, baina amama deitu diogu beti. Nikaraguara emigratu zuen aititagaz. Aitita Alemaniatik etorri zen Euskal Herrira, Labe Garaietan lan egitera. Nire ama eta osabak Nikaraguan jaio ziren. Gerora, ama Madrilera joan zen, bere aitita zaintzera. Amaren aitita txinatarra zen, Nikaraguara emigratutakoa.

Eta zu Madriletik Arrazolara etorri zara.
Kaliforniatik Madrilera bueltatzean  ez nuen neure burua gurasoenean ikusten, eta asko pentsatu barik Bilbora etorri nintzen. Euskal Herriak beti erakarri nau, amamagatik, eta txikitatik erreferente politiko moduan izan dudalako ere bai. Urtebete egin nuen Bilbon, hainbat proiektutan. Orduan, Nafarroako Lakabe proiektuagaz ere hartu-eman estua nuen, baina, azkenean, Bilbotik Erandiora joan nintzen bikotekideagaz. Ortua eta ardi batzuk izan nituen.

Gero etorri zinen Arrazolara?
Bai. Baserri bat dugu alokatuta bost lagunen artean. Euskal Herrira etorri nintzenetik, beti etorri naiz Atxartera, eskalatzera. Hasieratik izan dut lotura inguru honegaz, eta gogoa nuen herri euskaldun baten bizitzeko eta euskara ikasteko.

Euskal Herrira etorrita, argi izan duzu euskaraz ikasi gura zenuela?
Bai. Bilbon saiatu nintzen apur bat. Baina zaila egin zitzaidan euskal hiztunak aurkitzea. Gerora, Elorrioko AEKn ibili nintzen bi hilabetez. Baina, utzi egin nuen, denbora faltagatik.

Zaila egin zaizu ikastea?
Ez. Ilusioz eta gogoz hasi nintzen ikasten, eta prozesu oso naturala izan da. Euskal Herrian geratzeko asmoa dut eta hizkuntza ikasteari naturala deritzot. Hau dut etxea orain; Madrilen familia eta lagunak ditut, baina ezerk ez nau lotzen han. Oso gustura bizi naiz hemen.

Euskaraldian parte hartuko duzu?
Bai, ahobizi izango naiz. Garrantzitsua da herrian euskara bultzatzea. Hamaika egunez barik 365 egunez egin beharko genukeen ariketa da. Herri bakoitzean bizi den egoera aztertzeko era ere bada Euskaraldia.

Ogi ekologikoa egiten lan egiten duzu. Zeure burua honetan ikusten zenuen?
Beti gustatu zait ore artean ibiltzea. Etxean ere egiten dut ogia, enpanadak... Hilabete batzuk dira Sasipeko Uztak proiektura batu nintzela eta oso pozik nago. Ametsa balitz bezala, lantegia Atxarte alboan dago-eta. Ekonomia zirkularrean oinarritutako proiektua da: okindegia da ardatz, baina ortua oilotegia eta basoa ditugu. Basoa garbituz laberako egurra lortzen dugu, eta saltzen ez diren arrautzak gozogintzarako darabiltzagu. Ortuan sasoiko produktuak landuko ditugu, eskaintza egiteko. Horretan inbertitu gura dut energia eta denbora, eta soldata duina lortu. Autoenpleguan sinesten dut.

Kontsumo taldeekin ari zarete. Salerosketa zuzena sustatu behar da?
Bai. Eskubaratz proiektuagaz hasi gara lanean. Durangon eta Bergaran  dituzte kontsumo taldeak eta euren bitartez saltzen dugu ogia. Apatan, Abadiñon, Elorrion... ere hasi gara taldeak sortu guran. Elikadura burujabea dago oinarrian. Jaten dugunaz, nondik datorren... horretaz jabetu behar dugu. Gainera, herrian antzinako ogibideak berreskuratzeko bidea zabaldu daiteke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!