“Baserrian bizi gura nuela argi izan dut beti”

Aitziber Basauri 2018ko urr. 28a, 10:30

Artaldea mendian du eta, lanari dagokionez, sasoi lasaia du hau Joseba Basetak. Argi izan du beti baserritik bizi gura zuela, eta horren aldeko apustua egin du Arrazolako artzain gazte honek. Artaldea gobernatzeak emandako lana pilotagaz uztartzen du Basetak. Lan erraza ez dela aitortu du  atxondarrak, batez ere erditzeak hasten direnean. Hori izaten da sasoirik gogorrena artzain batentzat. Bizkaiko Gazta Txapelketan berak aurkeztutako gazta izan zen onena. 

Bizkaiko gaztarik onena izan da zurea. Hirugarrenean asmatu duzu…
Bai. Hirugarrenez aurkeztu gara. Iaz bigarren geratu ginen eta aurten lehenengoak izatea lortu dugu, puntu bat goitik bada ere. Hala ere, gustura nago, pozik.

Zer du berezia gazta horrek?
Bizkaian egindako gazten artean ez dago bat txarra denik. Denak dira onak. Lehia estua da. Gatzagi naturalagaz egiten dut gazta, eta pikante ukitua izaten du. Horrek puntu bi azpitik edo puntu bat gainetik egotea eragin dezake, epailearen arabera. Puntu oso gutxiren barruan egon ginen denok.

Beraz, gazta ona egiten da Bizkaian?
Bai. Euskal Herri osoan. Gaur egun nahiko landuta dago dena, ez da lehen bezala. Gaztandegiak prestatuta daude eta denok modu berdintsuan egiten dugu lan gutxi gorabehera. Egia da desberdina dela gazta: nik Arrazolan beharrean Markinan egingo banu gazta, desberdina litzateke, seguru: ardiak jaten duten belarra, etxe bakoitza… desberdinak dira. Lekuak leku eta ardiak ardi, Bizkaian egiten den gazta ona da.

Zer behar du gazta batek ona izateko?
Zaporea da garrantzitsuena. Hortik aurrera, testura, gaztak ahoan uzten duen zaporea… hartzen da kontuan.

Artzaintza ez da gazte askoren aukera. Beti izan duzu argi artzain izango zinela?
Ez, baina, bai baserritik bizi gura nuela. Beti gustatu zait ortua. Aitak eta amak negutegiak izan zituzten. Baserrian bizi gura nuela oso argi izan dut beti, baserritik bizi gura nuela. Ez nuen oso argi, baina, azkenean, Arantzazuko Artzain Eskolara joan nintzen. Etxean bagenituen 40 bat ardi, eta, astiro-astiro, aurrera egin nuen. Orain, 200 ardi inguruko artaldea dugu etxean.

Nolakoa da artzainaren bizimodua? Zein da zure egunerokoa?
Sasoiaren arabera desberdina da. Ardiak mendian dauden sasoian lasaiago ibiltzen naiz. Beti dago zeregina: ongarria zabaldu, landak prestatu, ardiengana joan, korta prestatu …, baina eguneroko lana lasaia da. Urtarril inguruan, erditzeak hasten direnean, orduan hasten da sasoirik gogorrena. Abuztura artean gogorra da eguneroko errutina, zapatu eta domekak barne. Bildotsak jaiotzean ardiak barruan geratzen dira eta bildotsak kentzerakoan batzen hasten gara. Martxo inguruan ardiak kanpoan larratzen ditut, baina barruan ere eman die jatekoa. Goizean eta arratsaldean batzen ditugu. Gazta, normalean, astelehen, eguazten eta barikuan egiten dut. Otsail inguruan hasten gara horretan: 1.500 bat gazta egiten ditugu.

Bizimodu gogorra da artzainarena?
Ordu asko eskatzen ditu eta egun gogorrak izaten ditugu, baina gustatzen zaizun zerbaitetan ibiltzeak bere alde ona du.

Arantzazuko Artzain Eskolan ikasi zenuen. Galtzear egon den ogibide bat profesionalizatzen edo semiprofesionalizatzen lagundu du Artzain Eskolak?
Norbera profesionalizatzen dela uste dut. Lan handia egin dute, ondo egin dute gainera, baina, azkenean, sei hilabete gaude han: hiru ikasten eta beste hiru praktikak egiten.  Denbora horretan ez dago miraririk egiterik. Zeure kabuz espabilatzen zara han.

Galtzear dagoen ogibidea da zuena?
Bizkaian bagabiltza gazte batzuk artzain. Sasoi batean, Nafarroan ere hainbat hasi ziren. Gaur egun artzain gehienok 24-32 urte bitartekoak gara. Hortik gorako artzainak gutxi dira. Asko ia-ia jubilatuta daude. Hor badago hutsune bat. Hala ere, ez dut uste gure ogibidea galduko denik.  

Pilotaria ere bazara Aloña Mendi elkartean. Nola uztartzen duzu artzain lanagaz?
Gogoa izanez gero, lortu daiteke biak uztartzea. Baina, egia esan, sasoi batzuetan zaila da, eta ahal dena egiten dugu. Egun puntualetan zaila da laguntzarik ez baduzu. Amak asko laguntzen dit partiduetara joan ahal izateko. Nire sostengua da. Urte askoan Oñatin bizi izan nintzen eta han hasi nintzen pilotan, 8-9 urtegaz. 15 urtegaz utzi egin nuen, eta 22 urtegaz berriro hasi nintzen, Oñatiko lagun batzuekin. Entrenatzaileak ea animatuko ginen komentatu zigun eta, momentuz, gustura nabil.

Pilotazalea zara...
Pilotazale amorratua.

Pilotari bat?
Txikitatik Oinatz Bengoetxearen jarraitzailea naiz. Bere alde egiten dut beti apustu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!