Ganboko ingurua berrantolatzeko lanak negu honetan zehar egin gura ditu Atxondoko Udalak

Maialen Zuazubiskar 2018ko urr. 23a, 10:30

Martxoan 2019ko aurrekontuak  onartu zituztenean, inbertsioetan diru atalik handiena Ganboko inguruko lanen proiektuak izango zuela jakitera eman zuen Atxondoko Udalak.

Hasiera batean, fase bitan egin gura zituzten lanak,  baina, azkenean, fase bakar batean eta, posible bada, negu honetan egin gura dituztela adierazi zuen David Cobos alkateak. Bestalde, proiektu hori gauzatzeko, 347.402 euroko aurrekontua dutela jakitera eman zuen joan zen astean egindako bilkuran.

Gobernu taldeko zinegotzien botoekin kontratazio espedientea onartu zen, eta, beraz, interesa duten enpresek 20 eguneko epea izango dute euren eskaintzak udaletxean aurkezteko.

Segurtasuna bermatzea
Ganboko inguruan egingo dituzten lanen helburu nagusia oinezkoen segurtasuna bermatzea da. Inguru horretan oinezkoen eta autoen joan-etorria handia da, eta, beraz, EH Bilduk beharrezkotzat jotzen ditu lanok. “Gaur egun, autoak edozein lekutan eta edozelan aparkatuta egoten dira eta horrek arazoak sortu ditzake gidari eta oinezkoen artean. Horregatik, gure helburu nagusia herritarren segurtasuna bermatzea da", adierazi du alkateak.

Hori horrela, autoentzat gune zehatzak jarri, eta aparkalekuak mugatuko dituzte. "Berez, aparkaleku kopurua gaur egungoaren antzekoa izango da, baina aparkaleku horiek modu eta toki aproposean jarriko ditugu", dio alkateak. Horrez gain, Apatak herrigune txikia duela eta aparkaleku arazorik ez dela egoten adierazi du.

Bestalde, oinezkoen espazioak ugaritu egingo dira lanok amaitzean. Gainera, Ganboko inguruan gune berde gehiago eta herritarrak egoteko toki gehiago egongo dira.

Lan horiez gain, gune horretako ur sarea eta argiteria publikoa ere aldatuko dituzte. Lanok saneamendua hobetzeko aprobetxatu gura dituztela esan du Cobosek.

Kale irekiak prozesua
Apatako espazio publikoak zelan berrantolatu pentsatzeko, Kale Irekiak prozesua egin zuen 2016an Urak Bide taldeak, Atxondoko Udalaren aginduz. Prozesuan zehar hainbat atxondarrek euren iritzia eman zuten, eta proposamen horiei jarraituz egingo dituzte aurten Ganboko inguruko lanak. Aurrez, berriz, udaletxe eta plaza inguruko lanak eta Euskalerria kalekoak egin zituzten.

"Kale Irekiak prozesuan, inguru horretan oinezkoentzat gune gehiago eta aparkalekuak antolatzea eskatu zuten herritarrek. Beraz, udaletxe ingurua atondu ostean, hobekuntza hau egitea pentsatu dugu”, adierazi du David Cobosek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!