Anbotoko Kilometro Bertikalean emakumeetan espero da lehiarik estuena, eta Azkorbebeitia faboritoen artean dago

Joseba Derteano 2018ko urr. 5a, 14:00

Anbotoko Kilometro Bertikalak amaiera jarriko dio, zapatuan,  Euskal Herriko aurtengo bertikalen kopari. Modalitateko onenek azken aukera izango dute euren dohainak erakusteko eta denboraldia aho zapore onagaz bukatzeko.

240 partaide egongo dira eta 14:00etan hasiko dira irteten, banan-banan. Aurretik duten lana ez da nolanahikoa, zirkuituko probarik gogorrenetakoa da-eta Arrazola eta Anboto gaina lotzen dituena. Lau kilometro eskasetan kilometro bateko desnibela igo beharko dute.

Emakumeetan lehia estua espero da. Oihana Azkorbebeitia faboritoen artean dago. Iaz bera izan zen onena eta aurten ere sasoi betean helduko da hitzordura. Oraintsu mendi lasterketen munduko txapelketan hamar onenen artean geratu izanak erakusten du zer mailatan dabilen korrikalari abadiñarra. Baina aurkariak ere ez dira nolanahikoak. Batetik, Oihana Kortazar dago. Irailean Deidar Xtreme 45 kilometroko proba eta Sorginen Lasterketa irabazi zituen Mutrikun bizi den elgetarrak, eta sasoian heldu da Arrazolako hitzordura. Oraindik berea da Anbotoko Kilometro Bertikaleko markarik onena: 47 minutu eta 10 segundo, 2011n lortutakoa. Faborito bi horiekin batera Maria Zorroza ere aipatu beharra dago. Besteak beste, Bertikalen Espainiako Txapelketan hirugarren geratu da aurten (Azkorbebeitia izan zen irabazlea).

Gizonetan ere hautagai bat baino gehiago dago. Iñigo Lariz elgoibartarra da euretako bat. Anbotorako proba baino gogorragoak irabazitakoa da. Esaterako, aurtengo uztailean Collarada mendateko (Aragoiko Pirinioak) kilometro bertikal bikoitza irabazi du. Hau da, 7,5 kilometrotan 2.016 metroko desnibela igo zuen, Anboto lako mendi bi igotzea modukoa izan zen. Gainera, ia hautsi zuen proba hartako errekorra. Mikel Beunza izango du aurkari nagusietako bat. Korrikalari ultzamarra puntu-puntuan harrapatuko du biharko hitzorduak, joan zen asteburuan Beriaingo kilometro bertikalean Nafarroako txapelketa irabazi ostean.

Arrazolan ez da girorik faltako. Probaren harira, hainbat postu jarriko dituzte (edariak, materiala…) bertaratzen direnentzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!