Anboto mendia Sorginen Lasterketan: hirugarren saiakeran baietz ematen du

Joseba Derteano 2018ko ira. 13a, 16:30

2016tik hona ibilbide berria du Sorginen Lasterketak. Mendiko korrikalarientzat erakargarriagoa da, tartean gozoki tentagarri bat duelako: Anboto mendia. Baina orain arte inork ere ezin izan du dastatu.

Eguraldi txarrak eraginda eta segurtasunaren mesedetan, azken urte bietan Anboto ibilbidetik ateratzeko erabakia hartu behar izan zuten antolatzaileek. Zapatu honetan eguraldiak lagundu egingo duela ematen du, baina iragarpenak une batetik bestera aldatzen direnez, gaur hartuko dute azken erabakia.

"Anboto igo dadin gogotsu gaude", dio Garazi Sampedro antolatzaileen taldeko kideak. "Igotzen bada, jendeari asko gustatuko zaiola uste dugu. Inguruan ez dago ezaugarri horiek dituen lasterketarik", gehitu du. Badaezpada prest dute ibilbide alternatiboa: Anboto ezin bada, Urkiolamendi igoko dute, probari gogortasuna gehitzeko.

Sorginen Lasterketa 10:00etan hasiko da Axpen (Atxondo), zapatuan. Makatzeta ingurura jaitsi eta handik goranzko bidea hartuko dute, harbidetik. Zabalaundin, edo Anbotorantz edo Urkiolamendirantz hartuko dute parte-hartzaileek. Azkenik, Asuntzatik eta Artolatik itzuliko dira Axpera. Ibilbide nagusiak 18 kilometro ditu eta alternatiboak 20 kilometro.

Internet bidez, barikuan 14:00etan amaiatzen da izena emateko aukera www.kirolprobak.com gunean. Egunean bertan ere eman daiteke izena 23 euroren truke.

Emakumeetan Oihana Kortazar eta Majida Maayouf dira faborito. Maayouf krosetako atleta ezaguna da eta azken aldian mendiko lasterketak probatzen ari da. Gizonetan, Aitor Ajuria eta Asser Alonso daude faboritoen artean. Iaz hirugarren amaitu zuen Iñigo Alzola zein Asier Alonso eta Julen Ozaeta aurkari indartsuak izango dira.

Lasterketaren harira, Asuntze mendi taldeak gaztetxoentzako Sorgin Txiki txangoa antolatu du. 09:30ean Axpetik irtengo dira, Toperantz. Han luncha izango dute

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!