"Isuna jartzen zizuten udalek hormak margotuta gura dituzte orain"

Aitziber Basauri 2018ko ira. 9a, 10:50

Estatubatuarra da jaiotzez Lian Montserrate (1981), baina Kataluniakoa izatez. Halaxe sentitzen da, 16 urte zituenetik L'Hospitalet de llobregatten bizi ondoren. Muralgilea da eta, orain, Atxondon bizi da. Euskaraz ikasten ari da, argi du-eta bertako hizkuntzan komunikatu gura duela. Bilboko bizikleta denda batean egingo du hurrengo lana, eta, urrian, AEBetara joango da: New Yorken eta Savannah-n (Georgia) ditu lotuta lan bi. Igerilekuko sarreran batu gara Lianegaz, berak egindako muralaren parean.

Nolatan etorri zinen Atxondora?
Urtarrilean urte bi izango dira etorri nintzela. Lagunak ditut hemen eta Hospitaletetik irten gura nuen. Haizea hartu, mendia…. gozamena da hemen bizitzea!

Euskaraz ere polito egiten duzu...
Nagoen tokiko herritarrekin komunikatu ahal izatea gustatzen zait. Ingelesa, katalana, gaztelania eta italiera hitz egiten ditut, eta euskara pixka bat. Ikasten nabil. Errespetu kontua da. Bizi zaren lekuko hizkuntza ikasi behar dela uste dut. Gainera, itzela da nire irakaslea, oso ona! Izan dudan onena.

Barraskiko etxe okupatuetan bizi zara. Katalunian asko hedatutako mugimendua da hori, hemen ez horrenbeste…
Hala da, bai. Herriaren okupazioa izan zen Barraskikoa, hala esan zidaten. Bertakoek okupatu zituzten etxeak, ugazabak ihes egin zuela jakinda. Horregatik erakarri ninduen proiektuak. Eraikina abandonatuta utzi beharrean, bizi pixka bat eman zioten. Askotariko jendea gaude.

Atxondon horrelako proiektu bat aurkitzeak harritu egin zintuen?
Bai. Euskaldunak oso itxiak zaretela esan zidaten, baina justu kontrakoagaz egin dut topo: herri irekia da. Denak oso irekiak direla ikusi dut, agurtu egiten naute, jende piloa ezagutu dut... Oso ondo hartu naute! Etorrita nengoen Euskal Herrira, lagunak ditut, baina jendea horren irekia izateak harritu nau...

Muralak, grafitiak, egiten dituzu. Ofizio bihurtutako zaletasuna?
Bai. Bartzelonan landare haztegi batean eta bizikleta tailer batean nituen lanak utzi eta muralak egitetik bizimodua ateratzea erabaki nuen. Ibilia nintzen lehen ere, baina mugimendu sozialekin lotuago...

Katalunian bertan?
Batez ere. Baina Europan ere asko. Italian, Grezian, Alemanian eta Ingalaterran ibili naiz, muralak margotzen. Bestela ere asko ibilia naiz Europan, bizikletan. Danimarkatik Espainiara joan nintzen bizikletan.

Zerk inspiratzen zaitu?
Gauza askok, mural bakoitzak bere iturburua du. Oraintsu Leonen egon naiz eta 20 metroko emakume izugarria margotu dut. Gizonek menderatutako mundua da grafitiarena, eta emakume perfektua, ederra, islatzen duten irudiak dira nagusi. Horregaz apurtu gura dut, emakumeari ikusgaitasuna eman. Beste gai batzuk ere landu ditut. Errefuxiatuena, adibidez.

Modan dago grafitia?
Muralismoa ez da gauza berria, neolitikoan ere margotzen zituzten-eta hormak. Espraia teknika berri bat baino ez da. Muralismo garaikidea oso herrikoia da, hormek berba egiten dute. Egindako lana publiko osoagaz partekatzeko aukera ematen dizu, museoetara doan publikoaz aparte, publiko orokorrarengana heltzeko aukera. Espraia erreminta bat da jendarteari zerbait adierazteko.

Gero eta gehiago ikusi daitezke...
Booma izan da azken hamarkadan. Isuna jartzen zizuten udalek hormak margotuta gura dituzte orain: orain dela gutxi ea mural bat egingo nuen galdetu zidaten L'Hospitaleten. Orain hamar urte justu horma hura margotzeagatik  jarri zidaten isuna kenduz gero egingo nuela esan nien.

Non margotu duzu?
Atxondon, igerilekuan; Barraskin, haur eskolan eta herri eskolan. Elorrioko Gaztetxearen 30. urteurrenerako ere egin nuen, eta Sapuetxen ere bai: lehoia ehizatu gura duten zebra taldea. Madrilen, Vallecasen egindako 20 metroko murala dut oso gogoko: adineko andra bat, hangoa...

Baduzu erreferenterik?
Asko! Laguna dudan RockBlackBloc (Bartzelona) eta Dadospuntocero (Leon); beragaz margotzeko ohorea izan dut Leonen eta izugarria izan da! Beste maila batean, Mantrea (Frantzia) edo Rogueone (Eskozia). Andren artean, Faith47 (Hegoafrika). Lan izugarriak ditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!