Atxondoko eskolan jantokia jarriz gero, 23.787 euro geldituko lirateke Durangaldean

Maialen Zuazubiskar 2018ko uzt. 11a, 18:10

Atxondoko eskolako jantokian egindako plantoaren inguruko balorazioa egin dute gaur Atxondoko igerilekuko tabernan.

Maiatzeko azken astean Atxondoko eskolako jantokian astebeteko plantoa egin zioten catering zerbitzuari. Gaur arratsaldean plantoaren balorazioa egin dute Anbotope Agrotxiringoan. Atxondoko eskolako Ikasleen Guraso Elkarteko kideek jakitera eman dutenez, Atxondon sukaldea egongo balitz eta bertako eta sasoiko produktuak erosiko balira, urtean 23.787 euro geldituko lirateke eskualdean.

Bestalde, Berton Bertokoaren ekimenaren barruan dauden 12 ikastetxetan sukaldea jarriko balitz, eskualdeko ekoizle eta dendariek 1.292.416 euro irabaziko zituztela jakinarazi dute.

Momentu honetan, umeek eskolan jaten dutena munduan zehar ekoiztutako produktuak direla adierazi dute. "Gurasook ez dakigu elikagaiak non produzitu diren, ezta nola ereinak izan diren", adierazi dute. Horrez gain, Atxondon sukalde bat nahi dutela eta behar dutela esan dute. "Hitzetatik ekintzetara pasatzeko momentua da, eta espero dugu, egindakoagaz eta jasotako erantzunegaz ahalik eta arinen Atxondon sukaldea izatea", adierazi dute gaurko prentsaurrekoan. 

Eskerrak lagundutakoei

Guzti horrez gain, gaur emandako prentsaurrekoan eskerrak eman dizkiete eskolako jantokian plantoa egiten lagundu dieten denei: Akebaso jatetxeko Iñigori, Apatako soziedadeko kideei, Etxoste jatetxekoei, Gazteleku jatetxeari, Barraskiloreko lagunei, Anbotope agrotxiringoko kideei eta irakasle eta zuzendaritzakoei, besteak beste. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!