Anbotope Agroasanbladako kideek bertako produktuak eskaintzen dituzte Atxondoko igerilekuko tabernan

Maialen Zuazubiskar 2018ko uzt. 9a, 14:00

Hasi da dagoeneko igerileku denboraldia, eta aurten Anbotope Agroasanbladako kideak kudeatzen dabiltza Atxondoko igerilekuko taberna.

Bertako nekazaritzari eta abeltzaintzari bultzada bat emateko orain urtebete sortutako produktore eta kontsumitzaileen kolektibokoek euren produktuak erakutsi gura dituzte igerilekuko tabernaren bitartez, nahiz eta aitortu duten euren helburua ez zela, hasieran behintzat, hirugarren sektorean aritzea. "Gizarteari bertan hazi eta ekoiztutako produktuak eskaintzea da gure kolektiboaren helburu nagusia, elikadura burujabetzaren alde pauso bat emanez", esan dute Agroasanbladako kideek.

Euren proiektua herritarrei ezagutzera emateaz gain, produktuak dastatu eta erosteko aukera ere ematen diete. Horrez gain, inguruko nekazarien produktuak ere eskaintzen dituzte. "Produktu guztiei lekua egiten eta ahalik eta produkturik artisauenak eskaintzen saiatu gara", aitortu dute.

Gainera, bertan jateko edo eramateko bazkariak eta afariak eskaintzeaz gain, Anbotope Agroasanbladako kideek kontzertuak, ipuin kontalariak eta abar antolatu dituzte udarako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!