Aurten, nobedade moduan, Andasto dantza taldeko dantzariek lagunduta igoko dute, gainera. Lanak amaituta, ikuskizuna eskainiko du Andasto dantza taldeak. Jai Batzordeak botako duen pregoian herriko elkarte eta eragileen lana goraipatuko dute. Jai Batzordeak modu berezian indartu gura izan du aurten umeentzako eskaintza. Hartara, Jai Batzordeko Igor Olaetxeak nabarmendu duen lez, egunero izango dute zer gozatu jaietan. Datozen egunetan, sormen tailerra, Stanba Banda umeentzako antzerki musikatua eta puzgarriak izango dituzte etxeko txikiek herriko jaietan. Buala antzerki ikuskizuna ere bai. Bestalde, musika eskaintza aurreko urteetakoa baino zabalagoa izango da, Olaetxeak azaldu duenez. Talka taldearen kontzertu akustikoaz gainera, Txapito Guzman eta Ibarrako Langostinuek taldearen rantxerak entzuteko aukera eskainiko dute sanpedroek. Baita Abadiñoko State Alerta taldearen doinu gogorrak entzuteko aukera ere. Horri Goxo-goxo eta Joxpa plaza taldeen erromeria doinuak gehituko zaizkio.
Mozorro egunerako gaia, ura
Ura. Horixe aukeratu du mozorro egunerako gai Jai Batzordeak. "Azken uriolak gogoan ditugu oraindik, eta ea herritarrak mozorrotzera animatu eta jai giroan sartzen diren", dio Olaetxeak. Zapatuan izango da hori. Paella txapelketa eta herri bazkaria ere zapatuan izango dira. 200 bat lagun biltzen dira urtero. Hala ere, tortilla eta bakailao txapelketak izaten dira herritarrik gehien batzen dituzten ekitaldiak. 400 bat lagun elkartzen dira, eta frontoia txiki geratzen da. Ume, gazte zein helduek aurten ere ez diote hitzorduari hutsik egingo.