Irati Armendia eta Aitziber Iriondo aurkezleek herriko eta kanpoko albisterik kuriosoenak kontatuko dituzte frontoiko platotik, korrespontsal eta protagonista talde zabal baten laguntzagaz; beti ere, umore tonuan. Zapatuan izango da, 22:30ean.
Albistegian sakonean landuko dituzten gai batzuk aurreratu dituzte. Emakume talde batek, oporretan Benidormera joan beharrean, Benidorm Axpera ekarri eta auzoan hondartza bat egiteko asmoa du. Hori egiteko arrazoiak albistegian azalduko dituzte. Kirolen atalean, kirol berri baten berri emango dute: kilker harrapatzaileak. "Gero eta kilker gutxiago entzuten dira eta pertsona batzuek teknika bereziak garatu dituzte kilkerrok bilatu eta harrapatzeko. Albistegian kontatuko ditugu teknika horiek", dio Irati Armendiak. Beste hainbat albiste eta eguraldi iragarpena ere izango dira.
Txopoaren jasoera, bihar
Bihar hasiko dituzte jaiak. 22:00etan Donien Atxa jasoko dute eta, ostean, Puro Relajo rantxera taldearen eta DJ Bull-en kontzertuak hasiko dira.
Domekan, Andasto dantza taldeak saioa eskainiko du mezaren ostean eta, arratsaldean, umeen jolasak egongo dira, txokolatada eta guzti.