Euriteek 80.000 euro inguruko kalteak eragin dituzte Atxondon

Maialen Zuazubiskar 2018ko eka. 5a, 11:18

Ekainaren 15ean ireki behar zituzten igerilekuak.

Domeka eguerdian hasita, erruz egin zuen euria Durangaldean, eta Atxondo izan zen eskualdeko herririk kaltetuena. Hainbat errekek gainezka egin zuten eta igerilekuan, eskolan, baserrietan eta herriguneko hainbat etxetako atarietan sartu zen ura. Hainbat bide ere hartu zituen urak eta hondatuta gelditu ziren. "Igerilekuan kalte handiak daude, makina gelako sotoa urez bete zen eta bertan dauden makina guztiak hondatu ziren", adierazi du David Cobos Atxondoko alkateak.

Dena prest zuten Atxondon hilaren 15ean aurtengo bainu denboraldiari irekiera emateko, baina orain atzeratu egin beharko dute dena. "Ekainaren 15ean igerilekuak zabaltzea zaila izango da, gure esku ez dauden hainbat gauza egin behar dira eta. Gainera, horiek konponduta ere, baimenak eskatu beharko ditugu", esan du Cobosek.

Santixa, Axpe eta Apatako lau bat baserritan ere kalte handiak eragin zituzten euriteek. "Herriko lau bat baserritan ur dezente sartu zitzaien eta kalte handiak eragin zizkien", amaitu du Cobosek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!