"Gauza asko ikasiko ditut, baina, batez ere, desikasi egingo dudala uste dut"

Aritz Maldonado 2018ko eka. 5a, 17:00

Eider Chavesek (Atxondo, 1993) Medellinen (Kolonbia) igaroko du uda, Ciudad Don Bosco komunitatean. Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen 'Gazteak Lankidetzan' programagaz bidaiatuko du.

Zertara zoaz Medellinera?
Salesiarrek orain 50 urte sortu zuten Ciudad Don Bosco komunitatera noa. Kaleko umeak batzen hasi ziren, eta egun 1.200 lagun (900 ume-gazte eta 300 langile) daude bertan. Lan munduan integratzen eta autoestimuan, harremanetan edo bestelakoetan trebatzen laguntzen diete bertan. Nik aisialdi dinamiketan lagunduko dut. Talde multidiziplinar bategaz arituko naiz.

Euskal Herritik, zeu bakarrik zoaz?
700 lagunek eman genuen izena, eta proba biren ostean 100 lagun aukeratu gintuzten zenbait proiektutan parte hartzeko. Medellinera Donostiako neska bat eta biok goaz.

Ezagutzen duzu Kolonbia?
Egonda nago Latinoamerikan, Perun, beste komunitate batean lanean, eta baita Uruguain ere; han ikasten eta bidaiatzen egon nintzen.

Bidaia honek zein ekarpen egingo dizula uste duzu?
Erantzunagaz ez naiz originala izango. Uste dut gauza asko ikasiko ditudala, baina, batez ere, beste asko desikasi egingo ditudala uste dut. Kooperante mexikar bati entzun nion gizarte bakoitzak bere paradigma duela, eta normalean itxia izaten dela; kanpora doazen edo kanpotik datozen pertsona horiek galderak egitea errazten dute. Planteatzen dituzten galderek autokritika egitea laguntzen dute.

Saharan ere egonda zaude kooperante gisa.
Saharakoa egoera oso konkretua da. Han egon ostean, kontzientziatuago nago hango egoeraz eta, orokorrean, errefuxiatuen gaiagaz. Ekarpena, askotan, sentsibilizazio hori izaten da; albistegietan informazioa jasota, beharbada, gainazalean geratzen da, baina han egoteak beste maila batean eragiten dizu.

Esperientzia gomendatuko zenuke?
Normalean, bizi garen espaziotik irtetea beti da interesgarria. Beharbada modan jarriko zen kooperazioa eta munduari buelta ematea, baina, nire ustez, kontua ez da ahalik eta urrunen joatea. Orain badirudi derrigorrez bidaiatu behar dela, baina zilegia da baita ere, betiko txokoan betiko jendeagaz egotea gurago duenaren iritzia. Disfrutatzeko modu bakarra ez da irtetea, baina, zalantza duenari, animatzeko esango nioke.

Aisialdirako tarterik edukiko duzu?
Astean zehar zortzi orduko lanaldiak izango ditugu; asteburuak, ostera, libre edukiko ditugu. Batez ere, bertakoekin elkarbizitzea gura dut; ez dut beste ezer erabakita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!