Olabegogeaskoetxeak Europako Txapelketako proba batean parte hartuko du lehenengoz

Joseba Derteano 2018ko mai. 18a, 13:30

Auto lasterketen munduan pauso berri bat emango du Iñigo Olabegogeaskoetxea (Atxondo, 1982) auto gidariak. Bere ibilbidean, lehenengoz, Europako Igoeren Txapelketako proba batean parte hartuko du asteburuan, Asturiasen, BMW M 46 autoaren bolantean. Turismoen E1 kategorian lehiatuko da.

Fitorako igoera Espainiako Txapelketako zirkuituaren barruko proba bat ere bada. Estatuan badu esperientzia, baina zazpi urte joan dira azkenekoz parte hartu zuenetik. 2011n igoeren txapelketa horretako proba bitan aritu zen.

Aurten estreinatu duen autoa bere ibilbideko "onena" dela dio eta asteburuko probaren bidez txapelketa bietan non egon daitekeen neurtu gura du. "Probatu egin gura dut. Europako sailkapenean zer egin dezakegun aurreikustea ez da erraza, baina Espainiakoan bost onenen barruan sailkatzea dut helburu", adierazi du pilotu atxondarrak.

Euskal Herrikoan, lider
Euskal Herriko Igoeren Txapelketan lider dago zirkuituko proba bi lehiatu direnean. Autoagaz izan dituen sentsazioekin gustura dago momentuz. Opakuako lehenengo lasterketako txanda bat irabazi eta bestean bigarren amaitu zuen. Joan zen asteburuan, Gorlan, laugarren eta bigarren amaitu zuen txanda bakoitzean. Gorlako bigarren txanda irabazteko zorian izan zen. 20 segundo-milaren baino ez ziren egon aurreneko sailkatu bien artean. Edozelan ere, lau txandetako puntuak batuta lider dago sailkapenean. Euskal Herriko Txapelketako hurrengo hitzorduak ekainaren 2an eta 3an izango ditu, Gipuzkoako Aia herrian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!