“Ouijaren alde iluna da ezagunena, baina nik positiboari buruz idatzi gura dut ”

Aritz Maldonado 2018ko api. 8a, 10:30

Biblioteka del Misterio argitaletxeagaz ‘La Ouija, el juego del diablo’ liburua kaleratu du Jose Manuel Duran atxondarrak (1972). Gaiari buruzko hirugarren liburua du.

Zer aurkituko du irakurleak liburu  berri honetan?
Ustez beste aldeagaz kontaktua egiteko taulaz berba egiten dut liburuan. Betidanik arduratu nau gai honek eta asko idatzi dut honi buruz. Dakidana liburu honetan idatzi eta publikatzeko aukera eskaini zidaten, eta aprobetxatu egin nuen. Bilduma honetan publikatu beharreko neurrietara egokitu behar izan dut; hori dela-eta, nire esperientziei buruz eta nik entzun eta ikertu ditudan kasuei buruz mintzo naiz liburu hauetan; ez zait gustatzen telebistan ikusitako kasuei buruz idaztea. Neuk egiten ditut ikerketak.
Esan bezala, arduratzen nauen gai bat da, eta honen inguruan dauden arriskuei eta jasotzen diren mezuei buruz idatzi dut. Ouijaren bidez zegaz kontaktatzen dugun azaltzen saiatu naiz, liburuaren mugek utzi didaten heinean. Nire ustez, ouijaren bidez ez dugu espirituekin berba egiten, ez dira hildakoak, baina ez dago hori egiaztatzen edo gezurtatzen duen probarik; beraz, ezin dut ez baietz ez ezetz esan. Nire ustez, esperientzietan bizi dena parte-hartzaileen adimenetik sortzen da gehienetan. Hala ere, kasu batzuetan beste zerbaitegaz kontaktatzen da; ez dakit zer izan daitekeen, baina bai uste dut zerbait ezezagunagaz kontaktatzen dela.

Noiz izan zenuen lehenbiziko esperientzia ouijagaz?
Nire lehenbiziko esperientzia 15 urtegaz izan zen, 1987an. Gure adinagaz auto istripu batean hil zen bilbotar baten ustezko espirituagaz jarri ginen harremanetan. Garai horretan erasan egin zigun, eta sinetsi genuen. Bigarren esperientzia bat edukitzea erabaki genuen handik egun batzuetara, baina horra ez zen espiritu berbera agertu. Bigarren horretan, aurrekoaren laguna zela zioen bat agertu zen; lehenbizikoa arriskuan zegoela esan zigun, eta gure laguntza behar zuela ere esan zigun. Horretarako, gure arimak deabruari eskaini behar genizkiola esan zigun. Hor ikasi nuen, ouijagaz kontuz ibili behar dela.
Gaur egun, horrelako komunikazio bat erdietsiz gero, ahalik eta daturik gehien aterako nizkion (NAN zenbakia, helbidea, telefono zenbakiak...), saioaren ostean ikertu ahal izateko. Komunikazio baten ostean, datu asko edukiz gero, eta horiek egiaztatuz gero, dudarik gabe kasu interesgarri baten aurrean gaudela esan dezaket. Horrek ez du esan gura hildako bategaz komunikatzen ari garenik, noski.

Arriskutsua da ouija?
Erantzunak hartzeko moduak zerikusi handia du horretan; txantxa moduan hartzen duen jendea dago, eta horixe da, beharbada, egokiena. Niri betidanik interesatu zait fenomenoa, eta oso erraza da egiteko, gainera; hizkiak eta zenbakiak dituen folio bat eta 50 zentimoko txanpon bat nahikoa dira. Egia esan, mendekotasuna sortzen du, eta horrek arduratu egiten nau. Gainera, gazteenek guzti-guztia sinetsi dezakete. Horregatik ikertu eta idatzi dut gaiari buruz; eskoletara ere joan izan naiz hitzaldiak eskaintzera, eta 2007. urtean ouija erabiltzeko gidaliburu bat ere idatzi nuen Año Cero aldizkarirako.

Noiztik daukazu idazteko afizioa?
Betidanik idatzi izan dut. Beti idatzi ditut beldurrezko istorioak, edota gertakari paranormalei buruz, aldizkari zein buletinetan. Orain, adibidez, mamuei buruz idazteko gogotsu nago. Hainbat ikerlari irakurri ditut agerpen batzuei buruz berba egiten; nik ere antzerako esperientziak bizi izan ditut eta interesgarria iruditzen zait horri buruz ikerketak egitea. Eta, nola ez, ouijari buruz berba egiten jarraitu gura dut. Liburu honetatik kanpo geratu diren gauzei buruz berba egitea gustatuko litzaidake. Batez ere, ouijaren alde positiboaz berba egin gura dut, egon badagoelako.

‘La ouija, el juego del diablo’ liburuan agertzen diren kasuak Durangaldean gertatu dira

Duranek berak bizitako edo ikertutako kasuei buruz baino ez du idazten edo berba egiten. Hirugarren liburu honetan ere horrela izan da. Durangoko kasu bat nabarmendu gura izan du Duranek idatzirikoen artean; izan ere, ouijaren erabileraren ondorioz indarkeria kasu bat ezagutu ahal izan du. “Aita hil zitzaion pertsona bat [Liburuan izen eta abizenekin aipatzen da] haren espirituagaz harremanetan jartzen saiatu zen. Bizpahiru egunez lortu eta gero, eten egin zen komunikazioa. Ostean, etxeko argazkiak buelta emanda zeudela konturatu zen; ateak zabaldu eta itxi egiten zitzaizkion arrazoirik barik, eta bi egunetan, errezatzen ari zela, ohearen aurka bultza egin zioten, eta izkinaren aurka kolpea hartu zuen”, azaldu du atxondarrak. “Ouija indarkeriagaz lotzen duen kasu bakarra izan arren, interesgarria iruditzen zitzaidan liburuan aipatzea”. Duranek berak edukitako esperientziak ere azaltzen dira liburuan. “Ouijak gertukoekin zein pertsonaia historikoekin hitz egiteko balio du. Gu Hitlerregaz jarri ginen harremanetan hainbat bider, baina berak emandako datuak ezin izan ditugu berretsi gero”. Liburua Ediciones Oblicuas argitaletxeak kaleratu du, Biblioteca del Misterio bildumaren baitan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!