Egun Zornotzako Igurco-Orue zaharren egoitzan bizi den arren, Capelastegui Atxondoko Martza auzoan jaio zen, 1915eko otsailaren 8an. Emilia zortzi neba-arrebetatik hirugarren zaharrena da, eta bera da bizirik dagoen bakarra. Duela hiru bat urtetik hona Igurco-Orue zaharren egoitzan dago, eta han pozik dagoela baieztatu du. “Oso pozik nago urteak, hemen, familiakoekin eta bertaratu zareten guztiokin ospatu ditudalako”, esan du. Gaurkoa kandelei putz egiteko eguna dela esan du. “Gaur egiten ez badiet putz, sekula ez diet egingo”, adierazi du, barrez.
Capelasteguik bere senitarteko eta lagunekin ospatu du 103. urtebetetzea. Horrez gain, Josune Irazola Atxondoko alkateordea eta Mertxe Irazabal zinegotzia ere joan dira Zornotzan dagoen zaharren egoitzara, herritarra zoriondu eta lore-sorta bat emateko asmoz. Capelasteguik, bestalde, herrira, Atxondora joateko gogoa duela aitortu du. “Hankek askorik laguntzen ez didaten arren, herrira joatea gustatuko litzaidake”, esan du.