Olabegogeaskoetxeak Euskadiko Slalom Txapelketa irabazi dezake asteburuan

Joseba Derteano 2017ko aza. 23a, 17:15

Iñigo Olabegogeaskoetxea, erdian, Zestoako proban irabazitako garaikurragaz.

Iñigo Olabegogeaskoetxeak (Atxondo, 1982) Euskadiko Slalom Txapelketa irabazteko aukera handiak ditu. Asteburuan Azpeitian lehiatuko den azken probaren atarian lider dago eta 11 puntu ateratzen dizkio Raul Perezi. Bere ibilbideko bigarren txapela litzateke slalomean. Orain hamarkada bat irabazi zuen aurrenekoa.

Txapelketako aurreneko hiru probak irabazita —Bakion, Usansolon eta Zestoan— indartsu hasi zuten denboraldia Olabegoaskoetxeak eta Iñaki Narbaiza kopilotu eibartarrak. Zorte apur bat izan zutela ere onartu du atxondarrak, batez ere estreinako lasterketan. “Berez, Raul Perezek gure BMW 318a baino auto hobea du. Zestoan aurretik zihoan, baina motorra apurtu zuen eta geuk irabazi genuen”, gogoratu du.

Azkenengo probetan Perez apurka-apurka aldea jaten ari da eta sailkapena estutu du. Hala ere, abantaila politari eusten dio oraindik, proba bakarra falta dela kontuan hartuta, baina ez du espekulatzeko asmorik. “Aldeagaz jokatzen hasten bagara dena galtzeko arriskua dugu. Nire mentalitatea lasterketa irabaztera irtetea da”, adierazi du Euskadi Racing taldeko pilotuak.

Espainiakorako babesle bila
Aurten ez du rallysprint txapelketan parte hartu. Izan ere, BMW M3 berri bat prestatzen ari da. Hurrengo denboraldian Espainiako Igoeren Txapelketan aritzea da bere nahia. “Auto lehiakorra dugula uste dut”, adierazi du. Baina behar moduko autoa izatea ez da nahikoa. Gastuei aurre egiteko babes ekonomikoa ere beharrezkoa da. “Babesleak lortzea ez da erraza. Neguan zehar bulegoko lana egitea egokituko zaigu. Ea asmoa aurrera atera dezakegun. Abentura polita litzateke”, adierazi du. Modu jarraian parte hartzen duen lehenengo aldia litzateke.  

Lur gaineko probak
Aurten, gustuko duen beste espezialitate bat berriro probatzeko aukera ere izango du: lur gaineko lasterketak. Errioxako proba batean aritu da, eta Slalom Txapelketa amaitu eta hurrengo asteburuan beste batean parte hartzeko asmoa du. “Asko gustatzen zaidan espezialitatea da. Urteetan, denbora faltagatik, ez dut gura nuen beste probetan parte hartu, eta aurten gozatzen ari naiz”, onartu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!