Orain asteburu bi, Axpen antolatzen duten Sorginen Lasterkaren hamargarren urteurrena ospatu zuten, eta zapatu honetan Anbotoko Kilometro Bertikalarena ospatuko dute. “Zapatuko edizio honi jai kutsu bat ematen ahalegindu gara, eta Arrazolara datorren orok egun on bat pasatzea dugu helburu”, adierazi du Aitor Belar Asuntze Mendi taldeko kideak. “Lasterketa baten hamargarren urteurrena ospatzea gauza handia da, eta, horregatik, aurtengo probak ospakizunetik asko izango du”, gaineratu du.
Egitarau berezi bategaz hartuko dute Anbotoko Kilometro Bertikalaren hamargarren edizioa. Umeek puzgarriak eta eskalatzeko gune bat izango dute, eta, horrez gain, DJ batek arratsaldea girotuko duela esan dute antolakuntzako kideek.
Lasterketan ere berrikuntzak izango dituztela jakitera eman dute Asuntze Mendi Taldekoek. Ohikoa den moduan, 14:00etan hasiko da lasterketa, baina aurten Mendi Lasterketa Bertikalen Euskal Herriko Txapelketa izango da.
300 korrikalari
Partaideei dagokienez, aurtengoan ere 300 korrikalarik parte hartuko dute 3,8 kilometroko eta 1.092 metroko desnibel positiboa duen lasterketan.
Gizonezkoetan Aitor Osa da faborito nagusietako bat. 2014, 2015 eta 2016ko irabazleak aurretik beste inork lortu bako marka ezarri dezake: Anbotoko Kilometro Bertikalaren lau edizio irabaztea. “Aitor Osa oso ondo dabil, eta zapatuko lasterketa irabazteko faborito nagusienetarikoa da”, esan du Belarrek.
Osa sasoi betean dagoela ezin daiteke zalantzak jarri, joan zen asteburuan Beriain-Uharte Arakilgo Kilometro Bertikala irabaztea lortu baitzuen.
Hala ere, aurkariek ez diote garaipena erraz jarriko eta maila handiko korrikalarien aurka lehiatu beharko du. Besteak beste, Iñigo Lariz eta Julen Martinez De Estibariz egongo dira Arrazolako irteera lerroan.
Emakumezkoei dagokienez, Maria Zorroza eta Oihana Azkorbebeitiaren arteko lehia estua aurreikusten dute antolatzaileek. “Iaz Mariak segundo gutxi batzugatik ez zuen hautsi Oihana Kortazarrek Anboton jarrita duen errekorra. Eta, aurten ere, borroka horretan egongo dela ziur gaude”, adierazi du Aitor Belarrek.
Bestalde, Oihana Azkorbebeitia abadiñarrak denboraldi honetan egin dituen “erakustaldiak ikusita”, emakumezkoen garaipena “garesti” egongo dela aitortu dute Asuntze Mendi taldeko kideek.
Sariei dagokienez, gizonezkoek eta emakumezkoek sari berak izango dituztela jakitera eman dute.
Ziklo berria
Horrez gain, aurtengo lasterketaren ondoren, ziklo berri baten aurrean daudela jakitera eman dute Kilometro Bertikaleko antolatzaileek. “Datorren ediziotik aurrera, lasterketan zerbait berria aportatzen ahaleginduko gara. Hala ere, lehenengo, aurtengo edizioaz gozatu behar dugu”, bukatu du Aitor Belarrek.