Axpeko plazatik goizeko hamarretan irtengo den lasterketan lehia estua egongo dela uste dute antolatzaileek. Garazi Sampedro Sorginen Lasterketako antolatzaileak gizonezkoetan Ander Iñarra, Oier Ariznabarreta, Ekaitz Kortazar, Aitor Mimenza, Iñigo Alzola, Asier Alonso eta Asser Alonsoren artean lehia estua egongo dela uste du. Emakumezkoetan, berriz, Maria Zorroza, Nahia Quincoces, Maider Fraile eta Maite Etxezarreta ikusten ditu faborito. 2014 eta 2015 urteetako edizioetako irabazlea den Oier Ariznabarretak, berriz, lehen posturako faborito nagusia Ander Iñarra dela nabarmendu du.
Anbotora igoera
Iaz ohiko ibilbidea aldatu ostean, Sorginen Lasterketako antolatzaileek ibilbide berriari eutsi eta aurten hamar urte beteko dituen lasterketan Anbotoko gailurretik igarotzea dute helburu.
Hala ere, Garazi Sampedro Sorginen Lasterketako kideak jakitera eman duenez, eguraldiaren araberakoa izango da gailurretik pasatzea. “Eguraldi ona egiten badu bakarrik pasatuko da lasterketa Anbotoko tontorretik”, adierazi du Sampedrok. Euri arriskua iragarrita badago, berriz, ez direla gora igoko adierazi du. “Iragarpenari begira gaude; barikuan bertan hartuko dugu azken erabakia”, gaineratu du.
Ondo bidean, Axpen hasi eta Arrazolara joango dira. Arrazolatik Zabalaundira, Zabalaunditik Anbotoko tontorrera, eta handik Asuntzera jaitsiko dira korrikalariak. Azken tartean, Atxarterako bidea hartuko dute; behera heldu aurretik, eskumatara hartu eta Artolara igoko dira. Handik Axpeko helmugara. Iaz bezala Anbotora igotzea ezinezkoa bada, Zabalaunditik Asuntzera joango dira zuzenean parte-hartzaileak.
Sorgin txiki
Aurtengoan txikienek ere beraien tokia izango dute. Asuntze Mendi Taldeak eta Guraso Elkarteak ekintza hezitzaileak antolatu dituzte gaztetxoenentzat. Gainera, lasterketa jarraitzeko aukera ere eskainiko dute.