Biritxinaga: “Emakume izateagatik inork ez nau gutxietsi; txirrindularitzan errespetua da balio nagusia”

Maialen Zuazubiskar 2017ko uzt. 15a, 11:00

Duela bi aste Ibon del Olmo futbol-epaileagaz egon ostean, asteon Alaitz Biritxinaga txirrindularitza-epaileagaz izan da ANBOTO. Atxondarrak 21 urte daramatza epaile lanetan eta urte luzez jarraitzeko asmoa duela aitortu du.

Zer dela-eta epaile lanetan?
Betidanik gustuko izan dut txirrindularitza. Gaztetxoa nintzenean, bizikletan asko ibiltzen nintzen. Behin, Javier Elorriagak Bizkaian epaileak behar zituztela esan zidan, eta gura izanez gero, Iñaki Solagaistua epaileen presidenteagaz hitz egingo zuela esan zidan, eta orduz geroztik epaile lanetan nabil.

Eta dagoeneko 21 urte egingo dituzu epaile lez.
Hala da, bai. 20 urtegaz etxeko lasterketan egin nuen debuta, eta orduz geroztik, makina bat lasterketatan izan naiz.

Zer oroitzapen duzu lehen lasterketa hartaz?
Nahiko urduri nengoen, baina lasterketa ondo joan zen. Lasterketan taldeetako zuzendariekin hitz egitea egokitu zitzaidan, eta aurrez ere beraiekin harremana banuenez, ondo joan zitzaigun lehen lasterketa hura.

Emakume asko zabiltzate epaile lanetan?
Duela 21 bat urte emakumezko lau epaile genbiltzan Bizkaiko lasterketetan, eta orain ere beste horrenbeste egongo gara. Epailerik gehienak gizonezkoak diren arren, bagabiltza emakume batzuk oraindik ere.

Lasterketaren batean erabakiren bat hartu behar izan duzunean, emakume izatearren inor saiatu da zure erabakia gutxiesten?
Inoiz ere ez. Inork ez du nire erabakia gutxietsi, eta inork ez nau emakume izateagatik gutxietsi. Txirrindularitzako balio nagusia errespetua da eta lasterketetan momentu beroak egoten diren arren, inork ez dit inoiz errespetua galdu. Egia da 21 urtean hainbat eztabaida izan ditudala lasterketetan, baina hitz eginda denok ulertzen dugu elkar. Sarri gertatu izan zait hamar minutu lehenago eztabaidatzen ibili naizen zuzendari bategaz lasterketa bukatu ostean kafe bat hartzera joatea.

Beraz, esan daiteke txirrindularitzan epaile, zuzendari, txirrindulari... artean hartu-emanak sortzen direla?
Bai, gure artean tratu oso ona daukagu. Lasterketa askotan betikoak egoten gara, eta harremana estutu egiten da.

Baina, norbait zigortu behar duzuenean, tentsio momentuak ere egongo dira, ezta?
Kirol guztietan bezala egoten dira tentsio momentuak, jakina, baina hitz eginda dena konpontzen da.

Zure burua epaile zorrotzat daukazu?
Guk gure lana egin behar dugu, eta legeak betetzeko daude. Aitortu behar dut aukerak ematen ditudala eta inor ez dudala lehenengoan zigortzen, baina birritan esan ostean zerbait egiten duenari zigorra jartzen diot.

Norbait kanporatu duzu inoiz?
21 urtean txirrindulari bakarra bota dut lasterketatik, Patxi Vila. Caja Ruralegaz afizionatua zela zulatua izan zuen, eta autoari helduta zihoala, askatzeko esan nion. Behin eta berriro esan nien, eta, azkenean, kanporatu egin nuen.

Senarra Eibar Energia Debabarrenako zuzendaria duzu. Inoiz bera edo bere txirrindulariren bat zigortu behar izan duzu?
Ez, inoiz ez dut ez Galder ez bere txirrindularirik zigortu. Galder zuzendari lanetan dabilen lasterketetan nik ezin dut epaile-lana egin, araudiak ez digu uzten eta.  

Horrenbeste lasterketatan epaile lanetan arituta, hainbat anekdota izango dituzu.
Hainbat istorio ditugu, bai. Aurten, esaterako, Debako emakumezkoen lasterketan, irten eta berehala eroriko bat egon zen. Lasterketan zeuden anbulantzia biak eta medikua Mendaroko ospitalera joan ziren. Orduan, ertzainekin hitz egin eta lasterketa neutralizatu egin genuen, anbulantzia eta medikurik gabe ezin baitugu jarraitu. Lasterketa zubi azpi batean gelditzeko eskatu nien ertzainei. Euria ari zuen eta, bertan geldituz gero, neskak izoztu egingo ziren hotzaren hotzagaz. Ertzainek anbulantzia berehala etorriko zela esan, eta, neutralizatuta, astiro-astiro jarraituko genuela esan zidaten. Azkenean, helmugatik kilometro batera eman nien irteera txirrindulariei.

Epaile izateaz gain, bi mutikoren ama ere bazara. Nola ikusten dute semeek zure ofizioa?
Txiki-txikitatik txirrindularitza gustuko dute biek. Hori da etxean ikusi dutena, eta gogoko dute. Seme nagusia jaio eta bi egunera Zornotzako Klasikoa ikustera joan ginen, eta horrela ibiltzen gara, karreraz karrera. Senarrak lasterketarik ez duenean, bi semeak beragaz etortzen dira nire lasterketak ikustera. Bestalde, nik lasterketarik ez dudanean eta senarrak zuzendari lanak egin behar dituenean, bere lasterketak ikustera joatean gara. Gero, eguna pasatzeko aprobetxatzen dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!