Apatako plaza handitu dute Euskalerria kalea autoentzat itxita

Maialen Zuazubiskar 2017ko uzt. 7a, 12:00

Hainbat atxondarrek Kale Irekiak prozesuan proposatutakori jarraituz, Apatako erdigunea den plaza eta udaletxe ingurua atontzen ibili dira Atxondon.

“Kale Irekiak prozesuan, herriko erdigunea konpontzeko proiektuak izan zituen botorik gehien, eta proiektu horregaz ekitea ezinbestekotzat jotzen genuen”, adierazi du David Cobos Atxondoko alkateak. “Orain arte plaza txiki bat genuen, eta jende gehien batzen den gunea dela kontuan hartuta, zerbait egitea beharrezkoa zen”, gaineratu du alkateak.

Azken aste hauetan eraisketa eta asfaltatze lanetan ibili dira herriko plaza inguruan. Gune eraberrituak azken ukituak falta dituen arren, datozen egunetan lanak amaitzeko asmoa dutela jakitera eman du Atxondoko alkateak. “Zebra-bideren bat eta plaza atontzeko altzariren batzuk jartzea gelditzen diren arren, lanen zatirik handiena bukatuta dago”, adierazi du David Cobosek.  

Horrez gain, herri erdiguneko lan hauetan herriko gazteek Kale Irekiak prozesuan egindako eskariari erantzunez, Apatako plazari kolorea  eman diote.

Euskalerria kalea, itxita
Bestalde, David Cobos alkateak jakitera eman duenez, Euskalerria kalea trafikoarentzat itxita geldituko da, eta, horrela, Apatako erdigunea, plaza eta udaletxe ingurua oinezkoentzako gune bilakatuko dira.

Aurrera begira
38.500 euroko aurrekontua izan duen herriko plazaren eraberritze-lana Kale Irekiak prozesuko proiektu bat besterik ez da izan. David Cobos alkateak jakitera eman duenez, prozesutik irtendako proiektu gehiago egin gura dituzte aurrerantzean, baina, lehenengo, urtea nola doan ikusiko dute, zein proiektugaz aurrera egin erabakitzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!