Axpen dauden hainbat ume sahararrek azken egonaldia izango dute aurten, Durangaldean

Maialen Zuazubiskar 2017ko uzt. 7a, 17:30

Atzo, ume sahararrek, Hamadako Izarrak elkarteko kideek, ekimeneko laguntzaileek eta Atxondoko alkateak familia argazkia atera zuten Axpen.

10-12 urte bitarteko 14 ume saharar Axpeko aterpetxean daude ekaineko azken astetik. Hile biz egongo dira Durangaldean eta ume askorentzat aurtengoa izango da beraien azken egonaldia. "Askok 12 urte dituzte, eta beraientzat aurtengoa izango da azken uda aterpetxean", adierazi du Izaro Etxebarriak Hamadako Izarrak elkarteko kideak.

Ume sahararrak ekainaren 24 eta 25ean etorri ziren eta egun hauetan Durangaldean ibili dira. "Lehenengo egun hauek Durangaldean egin ditugu. Apatako jaietan izan gara, musika gogoko dute eta Luhartz taldearekin dantzan aritu ginen", aitortu du Etxebarriak. Datozen asteetarako egitarau zabala antolatu dutela adierazi dute elkarteko kideek. Gainera, duela bi urte bezala, Bilboko jaietara joateko asmoa dutela adierazi dute.

Aurten, Axpeko aterpetxean 40 bat laguntzaile ibiliko dira monitore eta sukaldari lanetan. Astero txandakatzen joango dira. Atxondo, Mañaria, Durango, Berriz, Iurreta eta Abadiñoko Udalen eta Durangaldeko Amankomunazgoaren laguntza ere jaso dutela aitortu dute. "Amankomunazgoaren eta udalen laguntza ezinbestekoa da, beraiei esker doa guztia aurrera", gaineratu du Etxebarriak. Bestalde, David Cobos alkateak  herri moduan ume sahararrei laguntzea gauza handia dela azpimarratu zuen.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!