“Egiten ditugun gauzak jende batek kontuan hartzen dituela ikusi dugu, eta pozik gaude horregatik”, adierazi du Urkiol Arkarazok. Guraso elkarte aktiboa da eurena, eskolan zein herrian ekintzak antolatu izan dituena. “Ekintzak beti herrira ateratzen ahalegindu gara. Korrika edo gaztainerrea, adibidez”, kontatu du Larraitz Agirrek. “Zubi lana egiten ahalegintzen gara, herritik eskolara eta eskolatik herrira”, jarraitu du gogoeta Alex Azpirik.
Sukaldariak ortuan
Ortuaren esperientzia da lan horren adibideetako bat. Proiektua iaz hasi ostean, aurten hasi dira barazkiak landatzen irakasle eta ikasleak. Umeek produktu horiek zelan kozinatu ikasi dezaten, herriko jatetxeetako sukaldariak ekarri dituzte eskolara; aurten Makatzeta eta Etxostekoak, iaz Mendigoikoa eta Akebasokoak. Gainera, gurasoentzako ikastaro bat ere egin dute aurten. Eskolan bertakoa eta sasoikoa jatearen alde Durangaldean sortutako dinamikan ere parte hartzen dute gurasoek.
Guztira, 14 kide dira elkartean, eta ateak zabalik dituzte gura duenarentzat. “Talde polita batu gara elkartean, ondo konpontzen gara eta giro ona dago”, nabarmendu du Arkarazok. “Egiten ditugun gauza guztiak beti hobetzeko dira”, azaldu du. Aurrera begirako ildoen artean, Euskara Plana ipini gura dute martxan.