Bihar afalostean, Axpeko albistegiaren zuzeneko emanaldia eskainiko dute

Itsaso Esteban 2017ko eka. 23a, 14:40

Aita-alabak dira Jon eta Irati Armendia, eta Axpeko jaien antolakuntzan elkarlanean dabiltzan belaunaldi desberdinetako auzokideen adibide. Hiru hamarkada baino gehiago daramatza 53 urteko Jon Armendiak Axpeko jaien antolakuntzan parte hartzen, eta azken urteotan lan horretara batu den gazteen taldekoa da Irati.

Izan ere, Jonek zein Iratik baieztatu dutenez, Axpeko jaien antolakuntzan badago erreleboa, eta gazteak gogotsu datozelako oso pozik daude hainbat urtez ardura euren gain izan dutenek. “Iaz gertatu zitzaigun, lehenengoz, koadrila osoa barraren beste aldean egon ahal izatea”, dio Jon Armendiak, “ordura arte gutako baten bat beti ibili izan da lanean”. Antolakuntza lanetan ere gustura ibili arren, aitortu du asko eskertzen dutela lan karga gutxiagogaz jaiak beste era batera gozatu ahal izatea.

Axpeko albistegia
Gazteek jaietara ekarritako berritasuna da zapatuko afalosteko Axpeko albistegiaren proposamena. Aurten, lehenengoz, beraiek asmaturiko Axpeko albisteen emanaldia egingo dute Irati Armendiak eta Aitziber Iriondok, “afalostean auzotarrekin ondo pasatu eta barre egiteko”. Umoretik asko duten gertakari horien inguruan adierazpenak egiten agertuko dira albistegi horretan hainbat auzotar. Azken aste bietan ibili dira Armendia eta Iriondo biharko afalostean zuzenean emango duten albistegirako erreportajeak osatzen. Bertako notiziak ez ezik, nazioartekoak, kiroletakoak zein eguraldia ere eskainiko dituzte: Trumpen bisita iragarriko dute, esaterako, eta auzotarrekin ibiliko dira AEBetako presidenteari nork emango dion jaten eta etxean lotarako nork hartuko duen aztertzen; Axpeko artzainak eguraldiaren iragarpena egingo du...

Armendia aita-alabek azaldu dutenez, iaz arte kanpotik ekarri izan dute jaietako zapatuko afalosterako animazioa, baina, iaztik, afalostean auzotarrak protagonista izatea bultzatu gura dute. Esan bezala, aurten, Axpeko albistegiaren emanaldiaren bitartez hartuko dute auzotarrek protagonismoa. Horren ostean, 23:30ean, Luhartzen erromeria izango da plazan.   

Urte askoan egin duten moduan, bakailao eta tortilla txapelketak egingo dituzte bihar arratsaldean, eta prestatutako jaki horiek afaltzeko, 150 lagun inguru elkartuko dira frontoian

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!