Lehenengoz kronoigoera bat egingo dute Axpeko jaietan

Itsaso Esteban 2017ko eka. 21a, 13:30

Barikutik domerara arte San Juan jaiak ospatuko dituzte Axpen.

Iaz lehenengoz antolatu zuten apustu berezi baten bigarren ediziorako, astoak barik zaldiak eramango dituzte, aurten, Axpeko plazara. Horrela azaldu du Jon Armendia auzotarrak. Iaz bezala, laukietan banatuko dute auzoko plazako lur eremu bat, eta lauki bakoitzari zenbaki bat ipiniko diote. Abereen gorotzak zein laukitan jausiko diren igartzea izango dute apustuzaleek erronka. Euro batean egin ahalko dute apustu.

Armendiak azaldu duenez, iaz probarako eraman zituzten bi astoek ez zuten arratsalde osoan kakarik egin, eta irabazlerik ezean, saria zotz egin behar izan zuten. “Aurten zaldiekin egingo dugu proba”, dio Armentiak. Zapatu arratsaldean izango da apustuzaleen hitzordu hori.

Auzoko gazte batzuen ekimenez, bestalde, kronoigoera berezi bat ere egingo dute, lehenengoz, zapatuan, 19:30ean. Antolakuntzak emandako bizikletagaz, plazatik Mendigoikoaraino igoko dira-parte hartzaileak.

Bizikleta bereziagaz
“Bizikleta bakarra egongo da parte hartu gura dutenentzat, berezia”, aurreratu du Armendiak, “eta proba hasi arte sekretua izango da bizikleta horrek zer berezitasun duen”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!