Atxondon bi txakur “larri” daudela salatu du Durandogek

Maialen Zuazubiskar 2017ko api. 5a, 12:46

Atxondoko bi txakur “larri” daudela salatu zuen Durandog elkarteak joan zen barikuan. Elkarteko kideek jakitera eman zutenez, animalien jabeek txakur bat auto batean giltzapetuta zeukaten, eta bestea abandonatutako etxe batean. 

“Animalienganako tratu txar baten aurrean gaude. Animaliak ezin dira giltzapetuta eduki; beraien beharrak dituzte”, esan dute Durandogekoek. “Ertzaintzak jakitera eman zigunez, txakurrek txipa dute eta paper guztiak dituzte; beraz, beraiek ezin dezakete ezer egin”, esan dute mugimenduko kideek.

Ertzaintzak egoera ikusi ondoren, animalien jabeek txakurrak beraien bizilekura eraman zituztela uste dute mugimenduko kideek. “Ziurtatu ezin dugun arren, badirudi, orain, txakurrak etxean dituztela. Hala ere, herritarrei deia egiten diegu zerbait arraroa ikusten badute egoeraren berri emateko”, gaineratu dute.

Horrez gain, txakurrak berriz ere “larri” ikusten badituzte, udaletxean salaketa jartzeko eskatu diete herritarrei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!