“Argia ondo neurtzea da garrantzitsua; esposizio perfektua lortzea”

Aitziber Basauri 2016ko aza. 21a, 09:07
Victor Uriarte Albizuri (Anbotoren 2017ko egutegirako argazki lehiaketa irabazi du)

Argazkilaritza betidanik izan du gustuko. Hala ere, erretiratzean hasi zen gehiago zaletzen. ANBOTOk 2017ko bere egutegirako antolatu duen lehiaketa irabazi du. Dagoeneko kalean den egutegian  ikusi daitezke berak ateratako argazkiak.

ANBOTOren 2017ko egutegirako argazki lehiaketa irabazi duzu. Pozik?
Oso pozik. Ez nuen espero. Iazko lehiaketara ere aurkeztu nintzen, eta orduan bizpahiru argazki sartu ziren egutegian.

Lan handia eskatzen du?
Nahiko handia! Baldintzak nahiko lotuak dira, eta buelta bat baino gehiago eman izan dut. Gainera, ez ditut herri guztiak ezagutzen, eta topatu egin behar da bertan esanguratsua izan daitekeen hori. Zaldibarrera, adibidez, hiru-lau bider joan nintzen. Otxandion ere, non hasi ere ez nekien. Herri guztietan dago bitxia den zerbait (monumentua, gurutzea..) eta horri gustatzen zait argazkia ateratzea. Baina, herria ezagutzen ez baduzu...

Baina behin topatuta...
Argazkia aukeratzea da arazoa. Horrek ere bere lana du. Semeari ere erakusten dizkiot, gazteen ikuspegia desberdina da eta. Niri, batez ere, landa-paisaiak, animaliak, baserriak... erretratatzea gustatzen zait.

Bestelako lehiaketetara ere aurkeztu izan zara?
Iaz Olabegogeaskoa harategiak kaleratutako egutegirako ere aukeratu zuten nire argazki bat. Iaz baita, Atxondoko Udalak egutegirako antolatutako lehiaketan ere argazkirik onenaren saria lortu nuen. Aurten, ANBOTOren lehiaketa irabazi dudala-eta, argazkiren bat uzteko esanez deitu izan didate. Ikusteko dago aukeratuko duten ala ez.

Egutegietarako argazki kontuetan baduzu ibilbidetxoa.
Bai! (barrez). Egutegietarako argazki lehiaketen kontu honegaz iaz hasi nintzen.

EITBko Eguraldia saioan ere ikusi dugu inoiz zure argazkiren bat...
Bai! (barrez). Nire egunerokoko lana ere bada hori, neurri batean. Egunero, denon artean, 300 bat argazki bidaliko ditugu —gehienez bakoitzak 15 bidali ditzake—. Gero, Eguraldian, sei jartzen dituzte goizean, eta beste sei arratsaldean. Eguneko zera hori izaten dut, gaurkoan nire argazki bat aukeratuko ote dute ala ez. Egunero 60-100 bat argazki aterako ditut. Gaur egungo argazki-kamera digitalek aukera hori ere ematen dute! Lehen 24 argazki ateratzen genituen, eta mordoa ziren. Gaur egungoa itzela da.

Eguneroko lana duzu hori?
Bai, gura barik errutina batean sartzen zara, eta horren mende geratzen zara. Gaur zer egingo dut, ba? Banoa argazki batzuk ateratzera. Erretiratu ostean, halako zaletasunak asko laguntzen du egunerokotasunean. Ardura bat da. Mendira joatea ere gustatzen zait, eta egunsentiari-eta argazkiak ateratzeko aprobetxatzen dut.

Noiz hasi zinen, ba, argazkiak bidaltzen?
Erretiratu nintzenean, 2010ean. Betidanik izan naiz argazkilaritzaren zale, baina, orduantxe hasi nintzen gehiago zaletzen.  

Uste dut emaztea ere baduzula lagun honetan...
Bai! Lanaren erdia berea da (barrez). Ikuspegi desberdinak izan genitzake, eta elkar osatzen dugu, lantzean behin zarata batzuk ere atera arren.

Zer behar da argazki on bat ateratzeko?
Momentuan argia ondo neurtzea da inportantea, esposizio perfektua lortzea. Horrez gain, egunaren argitasunak ere eragin zuzena du argazkian.

Hasiberriei zein gomendio emango zenieke?
Argazki asko egitea, besterik ez dago. Argazkiak atereaz ikusten da zer egin dugun ondo eta zer ez. Argazkilari profesionalen lanak ikusita ere ikasi daiteke, eta argazkiak ateratzeko ekipoak ere badu eragina, noski! Eguraldian, hasieran, gogorra egin zitzaidan. Argazkilari profesionalek ere bidaltzen dituzte argazkiak, kategoriakoak, eta norberarenak horien alboan ikusita... aldea dago. Urteekin, baina, gainditu egiten da! Baten batzuk batzen gara inoiz. Badago lehia apur bat, baina hori ona ere bada!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!