Aitor Osak jarraian hirugarren garaipena gura du zapatuko Anbotoko Kilometro Bertikalean

Anboto 2016ko urr. 6a, 11:30
Iazko aldian parte-hartzaileak Anboton gora. (Argazkia: www.anbotokb.com)

Zapatuan Anbotoko Kilometro Bertikalaren 9. aldia lehiatuko dute Arrazolatik abiatuta. Gizonetan Aitor Osa da faborito nagusietako bat. 2014 eta 2015eko irabazleak aurretik beste inork lortu bako marka ezarri dezake: Anbotoko KB hiru bider segidan irabaztea. Era berean, Oihana Kortazarren garaipen kopurua berdinduko luke.

Osa sasoi betean dago Beriain-Uharte Arakilgo Kilometro Bertikala irabazita. Orduan bigarren eta hirugarren sailkatutako elgoibartar bi, Iban Murua eta Iñigo Lariz, izango ditu aurkaririk indartsuenak. Kilometro Bertikalen Kopako hiru probatik bi, Zegama eta Zuzien, Muruak irabazi ditu.

Asier Larruzea, Anartz Etxebarria eta Asier Apezetxea Kilometro Bertikalen Kopako aurreneko hiru sailkatuak ere badatoz, eta asko dute jokoan. Ematen du aurtengo txapelduna euren artean dagoela, eta Anbotokoa azken aurreko proba da.

Emakumeetan Oihana Kortazar ez da etorriko, lesionatuta dago eta. Etortzen bada, Maria Zorroza da faborito nagusia. Bestela, Aitziber Ibarbia edo Ainhoa Lendinez Kopako liderrren artean egon daiteke garaipena.
Durangaldeko ordezkariei dagokienez, Garazi Sampedro eta Oihana Azkorbebeitia Kopako laugarren eta zapigarren sailkatuak, hurrenez hurren, irteera puntuan izango dira.

Anbotoko Kilometro Bertikala zapatuan 14:00etan hasiko da, Arrazolan (3.8 km). Parte hartzaileak banan-banan irtengo dira. Irabazleak 300 euro jasoko ditu; bigarrenak 200 eta hirugarrenak 100.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!