Oro har, animalien portaera kolektiboa aztertuz, zer galderei erantzun gura zaie?
Taldea osatzen duten animalia asko daude. Intsektuak eta arrainak, adibide bi jartzearren. Erantzun gura zaion galdera orokorra hauxe da: Zergatik taldean bizi? Zer abantaila ebolutiboa du taldean bizitzeak? Hainbat teoria daude, baina oraingoz ez dago behin betiko erantzunik.
Axpen jasoko duzuen informazioa, zertan da berezia?
Tolosako taldean 10 bat urte daramatzate ardiak ikertzen, baina, Axpeko esperientzia artaldearen kanpoko estimulua txakur bat izango den lehen aldia da. Abantailetako bat da naturala den inguru batean eurentzat ohikoak diren estimuluak jasoko dituztela; hau da, ez da estimulu artifizial bat izango. Era berean, Axpekoa irudi horiek modu sistematikoan jasoko ditugun lehenengo aldia izango da.
Zer azpiegitura eta metodologia erabiliko duzue?
Garrantzitsuena ez oztopatzea da. Horregatik baztertu ditugu garabi mugikorra edo drona. Zorionez, teknologiak baliabide ezberdinak eskaintzen ditu. Besteak beste, sei-zazpi GoPro kamera jarriko ditugu, zelai inguruan zein barruan.
Uste zehatz batzuk baieztatu gura dituzue ala gehiago da proba orokor bat?
Bien arteko konbinazioa izango da. Ahalik eta gehien grabatu gura dugu, ahalik eta daturik gehien izateko, baina, aldi berean, hipotesi batzuk egiaztatzeko gogo bizia dugu, kuriositatea handia delako. Esaterako, badugun eredu matematiko batek erakusten du baldintza jakin batzuetan artalde bat edonora eraman daitekeela, gutxi gorabehera. Eredu horretan jarri ditugun hipotesiak errealistak diren ikusi gura dugu. Eta hauxe da horretarako funtsezko neurgailu bat: artaldea gidatzeko, txakurra artaldearekiko zein distantziatara geratzen den.