Euskal Herriko Artzai Txakur Txapelketak aurreko txapeldunak omenduko ditu 50. urteurrenean

Anboto 2016ko ira. 8a, 15:26
Gaur Bilbon egin duten aurkezpeneko irudia.

Irailaren 17an Euskal Herriko Artzai Txakur Txapelketa egingo dute Axpen (Atxondo), Anbotoren magalean. Gaur aurkeztu dute ekimena Bilbon. Hainbat nobedadegaz dator. Batetik, aurreko urteetako txapeldunak omenduko dituzte. Bestetik,Tolosako (Frantzia) unibertsitateak animalien jokabidearen modelizazio matematikoa aztertzeko irudiak grabatuko ditu.

Herrialdekako txapelketak amaituta, iazko txapeldunarekin batera, herrialde bakoitzeko bi onenak sailkatu dira Axpen jokatuko den finalerako. Egun berezia izango da: aurreko edizioetako txapeldunek parte hartuko dute ekitaldian, Gerediaga Elkarteak emango dien oroigarri-oparia jasotzeko.

Jaia girotzeko, Durangaldeko Idiazabal gazta ekoizleen azoka egongo da, ardi arraza ezberdinak ezagutzeko erakusketa txikia atonduko da eta gaztetxoenei begira, txapa tailerra eta txirristan ibiltzeko 'Latxine' ardi erraldoia ipiniko dute Axpeko plazan. Txapelketarako sarrera 4 eurotan salduko da eta ostean gazta eta ardoa doan dastatzeko aukera izango dute bisitariek.

Ardi Jaia

Txapelketaz aparte, baina, hiru egunetako egitaraua eratu dute. Irailaren 16an eta 18an, Baserri Eguna eta Trashumantzia antolatu dute Abadiñoko Udalak Alluitz Naturarekin batera. Irailaren 16an, ostiralean, Matiena auzoan herriko ekoizleen azoka egongo da eta horrekin batera, ume eta nagusientzat tailerrak. Igandean, berriz, irailaren 18an, Atxartetik Urkiolara trashumantzia ibilbidea egingo dute, nahi duenak parte hartzeko aukerarekin. Eta Urkiolan, familia guztiak parte hartzeko tailerrak izango dira.

Unibertsitateko ikerketa

Edizio honetan ohikoa ez den gertakaria izango da. Tolosako (Frantzia) Paul Sabatier unibertsitateko Animalien Ezagutzarako Ikerketa Zentruko (CRCA) ikertzaile talde batek 50. Euskal Herriko Artzai Txakur Txapelketa aprobetxatuko du parte hartzen duten ardien eta txakurren jokabidea grabatu eta 'Animalien jokabidearen modelizazio matematikoa' ikerketan sakontzeko.

Txapelketako grabazioak oinarrizko ikerketarako material baliotsua izango dira. Irudi horietatik abiatuta, eta banako (ardi eta txakur) bakoitzaren ibilbidea jarraitzea ahalbidetzen duen softwarea erabiliz, txakurren eta ardien kokapena eta abiadurari buruzko neurketa zehatzak egitea da helburu. Horri esker datu ezberdinak lortu daitezke, esaterako: zein distantziatara dagoen txakurra ardiak mugitzen hasten direnean, ze rardi den lehenengoa mugitzen, zelan pasatzen dien informazioa beste ardiei eta zelan mantentzen den batuta artaldea. Berdintsu, txakur bakoitza artaldetik gertu dagoenean zer distantziatara egoten den ere neurtuko da, zein den txakurraren erantzuna artzaiaren aginduetara, zenbat agindu egin ditzakeen eta zenbat denboran, eta zenbateko zehaztasuna lortzen duen.

 

EGITARAUA

IRAILAK 16, BARIKUA - V.BASERRI EGUNA ABADIÑON

- 17:00-20:00: Azoka eta bertoko produktuen erakusketa: Barazkiak, eztia, ogia, gazta eta txakoliña Abadiñokoak izango dira.

- 17:00-19:00: Ekotailerrak umeentzako eta publiko guztientzako. Berziklatutako arropekin erosketetarako poltsak. Serigrafia teknikak berziklatutako objetuekin. Talo tailerra txokolate eta txorizoarekin. Jolas dinamikoak.

- 19:00-20:00: Txapel jaurtiketa lehiaketaren V. edizioa.

 

IRAILAK 17, LARUNBATA - EUSKAL HERRIKO ARTZAI TXAKUR TXAPELKETA – AXPE (ATXONDO)

- 11:00: IX. Sorgiñen lasterketa.

- 16:30: Durangaldeko Idiazabal gazta Azoka.

- 16:30: Arraza ezberdinetako ardi erakusketa.

- 16:30: Umeentzat tailerrak eta 'Latxina' ardi erraldoia.

- 17:00: 50. Euskal Herriko Artzai Txakur Txapelketa.

 

IRAILAK 18, IGANDEA - TRASHUMANTZIA – Atxartetik Urkiolara (Abadiño)

- 10:00: Ongietorria eta hasiera Atxartetik.

- 11:30: Geldialdia Txakurzulon.

- 11:45: Txakurzulotik Urkiolako Santutegira.

- 12:30-14:30 Umeentzat tailerrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!