Udalak auzitara eramango du Jaurlaritzak ADIFi emandako baimena

Anboto 2016ko ira. 6a, 10:00

Abiadura Handiko Trenaren eraikitzaileari (ADIF) Solatxo inguruko lursail batean betelanak egiteko baimena eman zion 2014an Eusko Jaurlaritzak, trenaren eraikuntzan sortutako hondakinak bertara bota ditzan. Atxondoko udal gobernuaren ustez, lursail hori babestu beharreko eremua da. Atzoko udalbatzarrean, udal gobernuko EH Bilduko bost ordezkarien aldeko bozkagaz erabaki zuten Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailaren baimenaren kontra administrazioarekiko auzibidea abiatzea. Auzitara jotzearen kontrako bozka eman zuten, aldiz, EAJko hiru zinegotziek.

Dabid Cobos alkateak gogora ekarri duenez, baimen horren tramitazioan "hainbat irregulartasun daude", eta horregatik, baimena bertan behera utz zezala eskatu zion Atxondoko Udalak Jaurlaritzari, martxoan. Jaurlaritzako Ingurumen sailak, baina, ez dio Atxondoko Udalaren eskariari ezelako erantzunik eman, eta horregatik erabaki du EH Bilduk gaia auzibidean jartzea.

Dabid Cobos alkatearen berbetan, behin behinekoak izan dira Jaurlaritzak ADIFi eman dizkion baimen horiek, eta hainbat aldiz luzatu dizkio: "Behin behineko baimenak eman dizkio, baina hainbat dokumentazio faltan zegoela ere adierazi izan dio behin eta berriz Jaurlaritzak ADIFi, baina hauek ez dute dokumentu bat ere gehiago aurkeztu". "Mesede bat beste baten atzetik egin dizkio Jaurlaritzak ADIF.", Cobosen berbetan.

Orain harizti bat dagoen Solatxo inguruko lursailean 384.517 metro kubikoko betelana egitea eta horretarako bertatik igarotzen den erreka desbideratzea da Eusko Jaurlaritzak baimendu duena, eta atzoko udalbatzarreko erabakiaren ondorioz, Atxondoko Udalak auzitegietan errekurrituko duena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!