Solatxo beteleku baimena atzera botatzeko eskatu du Atxondoko udalak

Anboto 2016ko mar. 22a, 11:30

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak Solatxo inguruan  —Atxondo eta Elorrio artean, Memaiatik gertu— isurtegia egiteko baimena eman die obrako arduradunei, bertan AHTko lanetatik ateratako lurrak bota ditzaten. 385.000 metro kubiko bete daitezke, guztira.

Udalak baimena bertan behera uzteko, eta horretarako espedientea berriz hutsetik hasteko eskatu dio Jaurlaritzari. Udaleko batzorde irekian erabaki zen bide hori hartzea Gobernu Taldeak (EH Bildu) horren alde eginda. Baimena bertan behera geratu dadila eskatzeko, hainbat arrazoi jasotzen dituen txostena bidali dute. Batetik, “ez daukate Uraren Euskal Agentziaren eta Jaurlaritzako biodibertsitate zerbitzuaren baimenik”, Dabid Cobos alkatearen esanetan. Bestetik, AHTa egiteko, ingurumen inpaktuarekiko txostenean betelanak egiteko hiru kokaleku posible jasotzen ziren, eta Solatxokoa ez da horietako bat: “Ingurumen txostenaren kontra doa”. Azkenik, ingurumen txostenak dio betelanak ezin diela basoei eragin, eta gune hartan badago baso bat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!