Aintzane Gomez: "Hamburgesa beganoa, humusa, gazpatxoa... eskatzen dira gehien"

Anboto 2016ko uzt. 9a, 10:00

Arrazolatik ibilalditxoa egin, eta igerilekuan sartu aurretik gazpatxoa hartzeko gonbit egin digute Aintzanek, Ainhoak eta Juditek. Bermuta gero, eta bazkaltzeko humusa zein hanburgesa beganoa. Baliteke bonboiren bat ere eskaintzea.

Uda sasoiagaz batera zabaldu dituzte igerilekuak eta udako txiringitoak. Zer dute berezia?
Aintzane Gomez: Jendea opor giroan dago. Gastatzeko, ondo pasatzeko eta kontsumitzeko gogoagaz, eta nabari da hori.
Judit Fernandez: Atxondon kokapena bera da berezia, agian.
Ainhoa Elorriagaz: Leku natural pribilegiatu batean gaude, eta leku lasaia da.

Zerk eraman zaitue txiringito hau hartzera?
J.F.: Lan gabe geundela-eta, udan zer egin ibili ginen, eta elkarregaz zerbait egitera animatu gara; gure mugak non dauden ikusteko! (barrez).
A. G.: Badugu lana, baina, udarako ez genuen ezer aurreikusita. Aukera ikusi genuen, eta buru-belarri murgildu ginen honetan.

Gero etorriko dira oporrak?
A. G.: Hori espero dugu, bai! Egiten dugun ordu kopuruagaz beharko dugu gero  deskonektatzea. Itxi eta oporretan joango gara hirurok, igual elkarregaz ez, baina... (barrez).

Hartu diozue martxa?
A. G.: Hasi eta berehala itzelezko eguraldia egin zigun. Bat-batean etorri zitzaigun dena gainera, eta egun bitan ikasi genuen ikasi beharreko guztia. Zer egin eta zer ez.

Ondo hasi da uda?
A. G.: Oso ondo!
J. F.: Pentsatu ere ez dugu egin zenbat jende etorriko den. Apur bat itsuan etorri gara. Ia zer giro dagoen, ze eguraldi... Baina eguraldi txarragaz igerilekura datorrenik badago!

Eguraldia duzue Damoklesen ezpata?
A. G.: Ez, egoerara moldatzen saiatu gara, eta bazkariak, afariak... ematen ditugu. Aterpea ere badugu. Asteon pintxo-pote mexikarra dugu, eta bestelako ekintzak ere  eratu gura ditugu.
J.F.: Umeentzako ekintzak, tailerrak, bakarrizketak... egin gura ditugu.

Ez zarete eguraldiaren beldur!
J.F.: Ez, ezin dugu. Bestela, Cadizera joango ginateke (barrez).
A.E.: Eskertuko genuke eguraldi ona, baina, ez dut uste eguraldi txarra egingo duenik. Egun eskasak ere egin behar ditu, Euskal Herrian gaude-eta, baina, ondo joatea espero dugu, hori sinetsi gura dugu!
A. G.: Etekinetan nabari da, baina fideltasunez etortzen dira.

Igerileku zaleak zarete?
J.F.:  Ez. Alboko errekan sartuko naiz; gurago dut.
A.G.: Uste dut ixten dituzten egunean sartuko garela igerilekura  (barrez).
A.E.: Gustatzen zait, hondartza ere bai; baina, ez naiz joatekoa. Eta hondartza, gauez gurago.

Besteren artean, mojitoa eta gazpatxoa eskaintzen dituzue... udarako aproposak?
A.G.:  Bazkalordurako gazpatxoa gomendatuko nuke, eta arratsalde partera mojitoa.
A.E.: Biak gustatzen zaizkit, asko. Gainera, Aintzaneren gazpatxoa bereziki ona da. Kalimotxoa ere badago (barrez).

Zerk du arrakasta?
A. G.: Kartan gauza oso berritzaileak zein oso tradizionalak daude, eta harrigarria bada ere, hanburgesa beganoa, humusa, gazpatxoa... eskatzen dira gehien.

Zer eskaini gura duzue?
A. G.: Leku atsegin bat, gazteak, helduak, familiak... elkartzeko. Kultur ekintzak ere eskaini gura ditugu.
A. E.: Pixka bat aldenduta dago, baina toki pribilegiatuen ordainsaria  da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!