Beñat Gorostiza: "Herri bakoitzean perratoki bat zegoen lehen, orain guk daramagu"

Anboto 2016ko uzt. 3a, 10:00

Oraintsu hasi da perratzaile moduan lanean Axpeko Beñat Gorospe, Madrilen ikasketak egin eta Igorreko perratzaile bategaz aritu ondoren. Perrek zortea ematen ote duten galdetuta, barrez erantzun du: “Ez dakit, baina, piloa eramaten ditut egunero”.

Zer dela-eta perratzaile?
Beti egon dira zaldiak etxean. Etortzen zen perratzaileagaz ez genuen atarramendu handirik ateratzen. Azkenean, neu hastea erabaki nuen. Baso-lanean ibiltzeko ikasi nuen, baina, ez zen lanik irteten, eta hau aukera legez ikusi nuen.

Ez zarete asko izango, ezta?
Ez. Are gutxiagoa gazteak. Neu izango naiz gazteena. Durangaldean pare bat gaude. Dena den, ez naiz hemen inguruan ibiltzen. Hara eta hona nabil, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gutxi gaude, eta asko mugitu behar gara. Kilometro piloa egin behar izaten ditut.

Zenbat egunean?
300-400 bat kilometro. Egun guztia lanean ematen badut, azkenean kilometro piloa dira.

Lanez lepo ei zabiltza...
Bai, etxean ere badago zer egin eta. Gainera, orain animatzen da jendea zaldian ibiltzera, uda partean, eta gehiago perratzen  dira. Badaude orain ibiltzeko bakarrik dituztenak: urte guztian perrarik gabe daude zaldiak, eta orain perratzen dituzte. Aisialdira dago gehiago lotuta gure lana orain.

Orain zaudete lanpetuen?
Bai, eguraldi onagaz. Neguan oso gutxi ibiltzen dira zaldian.

Makinek ordezkatu dute animalien sasoi bateko lana. Izan du horrek eraginik?
Hala da, bai. Duela 50 urte animaliek egiten zutena orain makinek egiten dute, eta perratu egin behar izaten ziren animalia horiek guztiak. Herri bakoitzean perratzaile bat zegoen;  edo, asko jota, herri bitan egiten zuen lan perratzaile batek.

Alde handia!
Bai, herri bakoitzean perratoki bat zegoen, eta hara eramaten zituzten animaliak. Orain geuk daramagu perratokia; kotxean eramaten ditut behar ditudan tresnak.

Desagertzeko dago perratzailearen ofizioa?
Ez. Hala ere, ezer gabe ibiltzeko joera zabaldu da orain:  barefoot deritzona. Hala ere, holan ibiltzera ohitu egin behar dira.

Ortozik hobe?
Bai. Zaldi bakarra dut nik perratuta, ezin delako ortozik ibili. Besteak ortozik dabiltza. Guretzat ere hobe litzateke.

Hori ez da norberaren teilatura harriak botatzea?
Ez. Ortozik dabiltzan animalien hankak konpontzen ere egiten dut nik lan. Horregatik diot perratzailearen lana ez dagoela desagertzear. Beti egongo dira animaliak. Hanketako gaitz asko gure lana dira, eta ez albaitariarena. Minduta dagoen hanka arinago osatzen da perragaz, babestu egiten du. Zapata bat lakoa da.

Denetariko perrak daude...
Bai. Aurreko hanketarako, atzekoetarako, eskuma, ezkerra... eta, gero eta aurrerapen gehiago daude. Gomazko perrak ere badaude, josi gabe pegatu egiten direnak; zapaten moduan ipini eta kendu egiten direnak.

Errementariak ere ba omen zarete askotan.
Bai. Niretzat, baina, hobbya da. Laban prestatzen ditut etxeko zaldientzako perrak. Baina, furgonetan ez dut horrelakorik eta hotzean  prestatzen ditut.

Ostiko asko hartu dituzu?
Ez. Ostikorik ez hartzeko, zelan jarri ikasi egiten da; segurtasunez lan egiten ikasten da. Atzeko hanken aurretik jarri behar gara; eta atzean jarriz  gero, animaliari pegatuta, jo ez zaitzan. Bultza baino ez dizu egingo. Ibilita ikasten da.

Sanjuanetan apustu berezia izan  duzue...
Zozketa eginez amaitu genuen. Asto bigaz egin genuen, baina, ez zuten kaka egin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!