Sorginen Lasterketako aurtengo aldia Anboto mendi gainetik igaroko da, irailean

Anboto 2016ko eka. 17a, 13:00

Irailaren 17an lehiatuko den Sorginen Lasterketa ibilbide eraberrituagaz dator. Nobedade nagusia da parte-hartzaileak lehenengoz Anboto mendi puntatik igaroko direla.

Mendi lasterketen proba asko daude gaur egun, eta “konpetentzia handia dago”, dio Garazi Sampedro Sorginen Lasterketa kultur elkarteko kideak. Gainera, ibilbideek antzerako osagaiak izaten dituzte, Sorginen Lasterketakoak barne. Horregatik, parte-hartzaileak erakartzeko eta azken urteetan izen-emateak izan duen beherakadari aurre egiteko, “bereizgarria eta zailtasun teknikoari dagokionez desberdina den ibilbidea diseinatzen saiatu gara”. Anbotok baldintza horiek denak betetzen ditu, eta lasterketa mendi puntatik igaroko da aurten. Zabalaunditik igo eta Asuntza aldera jaitsiko dira: “Gune batzuetan sokak ipini beharko ditugu. Ohi baino arriskutsuagoa da. Alpinoagoa, italiarragoa izango da, baina baita polita ere. Aurtengo ibilbidea interesgarriagoa da”, azaldu du ibilbidea diseinatzen ere aritu den Oier Ariznabarretak.

Proba gogorragoa izango denez, laburragoa egitea erabaki dute: 28 kilometro beharrean, 17 izango ditu.
Aurtengo beste nobedadeetako bat mendi lasterketa domekan beharrean, zapatu arratsaldean egingo dutela da.

Izen-ematea dagoeneko hasita dago www.herrikrosa.eus webgunean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!