Etxebizitza berriak egiteko Visesa erakunde publikoaren bidea jorratzen dihardu udalak

Anboto 2016ko eka. 7a, 12:55
Arraindegia dagoen eraikinaren atzealdea.

Visesagaz hartuemanetan daudela eta “interesa erakutsi” dutela dio Dabid Cobos alkateak. Momentuz, herritarren aldetik zer eskari maila dagoen jakiteko izen-ematea martxan dute.

Ludoteka pareko zelaian, arraindegia dagoen eraikinaren atzean eta eraikin horri itsatsita etxebizitzak egiteko proiektu bat idatzita dauka udalak aspalditik. Lur zatia ere udalaren jabetzakoa da. Han etxebizitzak egiteko bide bat baino gehiago landu du azken urteetan, baina ez dira aurrera irten. Orain, bide berri bat lantzen dihardu Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari atxikita dagoen Visesa erakunde publikogaz. Erakunde horregaz hartuemanetan dabiltza eta proposamen “interesgarria” iruditu zaiela azaldu zuen Cobos alkateak atzoko udalbatzarrean. “Oraindik asmoa bakarrik da”, azaldu zuen, “baina gure eginbeharra dauden aukera desberdinak jorratzea da”. Bloke osoa egiteko edo zati handia handi baten finantziazioa euren gain hartzeko prest baleude, etxebizitzak egiteko bide berri hori gauzatzea bideragarria izan daiteke. Bide horretan, Visesak eskaria zenbatekoa eta zein motatakoa den —logela batekoak, bi-hirukoak…— jakin gura du. Horregatik, udalak bando bat atera du interesa duten herritarrei interes hori udaletxean jakinarazteko eskatuz. Horrela, benetako beharrizanaren erradiografia zehatzagoa izango lukete.

EAJko Gorka Garatek adierazi zuen herrian zabaldutako udal-bandoa irakurtzean Eusko Jaurlaritzako sail horretako sailburuordeagaz batzartu zirela eta “esan zigun Eusko Jaurlaritzak ez duela etxebizitzak egiteko dirurik jartzeko asmorik, gutxienez datozen bost urteetan”. Cobos alkateak zehaztu zuen Gobernu Taldearen hartuemanak Visesa erakunde publikoko ordezkariekin izan direla.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!