Etxebizitzen proiektua eginda dago; udalak ezin da gastuez arduratu eta horregatik kooperatiba eredua proposatu zuen eguazteneko herri batzarrean.
Apata erdiguneko lur zati batean zortzi etxebizitza eraikitzeko proiektua eginda du udalak: bi eta hiru logelakoak, garajeekin. Ludoteka pareko zelaian daude aurreikusita, arraindegia dagoen eraikinaren atzean, eraikin horri itsatsita. Lurra udalarena da eta, proiektu osoa eginda dagoenez, lanak bihar bertan hasteko moduan daude, David Cobos alkate ohiak herri batzarrean azaldu zuenez.
Udalak, ordea, ezin die gaur egun gastu horiei aurre egin. Horregatik, eguazteneko udalbatzarrean kooperatiba bidezko sistema proposatu zuten. Orain aste bi Izurtzan proposamen berbera egin zieten udal ordezkariek herritarrei. Honako e-mailean eskatu daiteke herri batzarrean azaldutakoaren txostena: atxondokoetxeak@gmail.com. Hilabete barru-edo, beste batzar bat egitekotan geratu ziren, herritarrak interesatuta dauden jakiteko.
Interesdunek kooperatiba sortu eta udalak hirigintza hitzarmena sinatuko luke kooperatibagaz. Udalak lurrak utzi egingo lizkioke kooperatibari, ez saldu. Hitzarmena sinatu ostean, kooperatiba arduratuko litzateke lanak aurrera eroateaz. Erabakiak sozio denen artean hartuko lituzkete. Eraikina kooperatibarena litzakete eta bazkideek etxebizitza bakoitza erabiltzeko eskubidea izango lukete. Hau da, kooperatiba ez litzakeke eraikina egiteko bakarrik izango. Ostean, eraikinaren mantenua ere kooperatiba bidez egitea proposatu dute: “Elkartasun kontzeptua ere sustatu gura dugu, beste bizitza eredu bat”.
125.000 euroko kostua
Proiektuaren txostena esku artean, kostuen inguruan egindako kalkuluak ere azaldu zituzten. Lurrak udalarenak direnez, espekulazioa ekidingo dute. Gainera, kooperatiba bera litzateke promotorea, bitartekari barik. Beraz, lanek milioi bat eta 1,2 miloi arteko kostua izango lukete: etxebizitza bakoitzeko, 125.000 eta 150.000 euro artean. Hasierako diru ekarpena 30.000 eurokoa bada, 447 eta 356 euro artekoa izango litzateke hileko kuota; 50.000 euroko diru ekarpenagaz, 380 eta 288 euro artekoa.