"Trikitia sartu zenean, alboratuta geratu zen alboka"

Anboto 2016ko api. 25a, 08:58

Argazki bat ikusi eta albokak egiteko grina sortu zitzaion, duela zortzi urte, Jose Joakin Maskarianori. Ordutik, hainbat egin ditu; eta azken urtean konpontzen ere hasi da. Hiru urte dira jotzen ikasten hasi zela.

Noiztik albokak egiten? Zer dela-eta albokak?
Zortzi bat urte izango dira albokak egiten hasi nintzela. Argazki bat ikusi eta neuk ere halako bat egiteko zera hori sortu zitzaidan. Ez nuen alboka ezagutzen: argazkietan ikusita nituen, urrunetik inor jotzen... baina besterik ez. Handik eta hemendik adarrak topatzen hasi nintzen, informazio batzen, eta lehenengo alboka egitea lortu nuen. Egia esan, ez zuen soinu onik. Hala ere, gustua hartu nion, eta hobetzen joan naiz. Etxean daukat.

Honezkero, zenbat alboka egin dituzu? Badakizu?
Ez, ideiarik ere ez. Hemen, etxean, hamabi bat ditut erakusgai. Itziar tabernan ere badago bat. Alboka maisuak konpontzeko batzuk ekarri behar zizkidala-eta, hantxe geratu ginen, tabernan. Proba batzuk egiten ibili ginen, eta tabernakoari ere ikusmina sortu zitzaion. Etxetik bat eroan nion.

Jotzen ere badakizu, beraz?
Ikasten ari naiz. Orain dela hiru urte inguru hasi nintzen.

Albokak egiten hasi eta gero ikasi duzu jotzen, orduan?
Bai, hala da. Hasieran ez da erraza jotzea. Alboka jotzeko, lehenengo, arnasa hartzen ikasi egin behar da. Sudurretik arnasa hartu eta gero, bota egin behar da, etengabe. Hor dago gakoa; berez ez dauka konplikazio handirik.

Birika onak beharko dira...
Ez! ikasi egin behar da.

Alboka jotzen hasi orduko, instrumentua ondo ezagutzen zenuen.
Aurretik neure kabuz, solfeo jakin gabe, nota batzuk jotzen nituen. Orain  instrumentua jotzen ikasten ari naiz.

Entseatzeko, zelan?
Etxean aritzen naiz. Adarrean papera edo beste zerbait  jarrita, asko bajatzen da soinua.

Badaude trikimailuak inor ez molestatzeko.
Bai, baina, egunen batean etxetik bialdu egingo naute (barrez).

Denbora asko behar da alboka bat egiteko?
Bai, denbora behar da. Adarra mehetu egin behar da, eta nik dena eskuz egiten dut, etxean bertan. Aste bitik gora behar ditut alboka bat egiteko.

Pazientzia behar da?
Bai. Astiro-astiro ibili behar da, eta gustura hartu. Adarra larregi mehetuz gero, adibidez, apurtu egiten da. Neuk diseinatutako buztarriak erabiltzen ditut, eta kainaberak ebano edo granadondoagaz egiten ditut. Askoz hobea da soinua. Putz egiteko zatia egurragaz edo adar txikiak erabilita egiten dut.

Asko zarete albokak egiten dituzuenak?
Bizkaian badaude sei bat. Hemen inguruan ez dut inor ezagutzen.

Ez da oso ezaguna alboka.
Ez da asko entzuten. Hala ere, azken urteetan asko zabaldu da. Gazteak ere hasi dira jotzen. Atxondon badira 3-4 lagun alboka jotzen dutenak.

Albokak badu bere historia, ezta?
Ardiekin zebiltzan artzainek erabiltzen zuten. Baserri giroko instrumentua da, eta jaietan dantzan egiteko ere jotzen zen. Trikitia sartu zenean, alboratuta geratu zen. Soinu gehiago du trikitiak, eta errazagoa da jotzeko.

Enkargu asko izaten dituzu?
Ez, banakaren bat. Neure kapritxorako egiten ditut. Ahoz-ahokoan saltzen ditut, baina, afizio dut eta ez ofizio.

Baduzu bat kuttunena?
Jotzeko asmoagaz, ikasteko egin nuen lehenengoa izan daiteke kuttunena; aurretik, bizpahiru nituen eginak. Oparitu egin izan ditut horiek, edo adarren truke eman ere bai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!