AHTaren desjabetzeen aurrean protesta egin dute Atxondon

Anboto 2016ko api. 21a, 11:17

AHTaren obren kaltetuak desjabetze aktak sinatzera deituta egon dira atzo eta gaur Atxondon. Horren aurrean, protesta egin dute hainbat herritarrek.

Desjabetze prozedura, lurretan bertan egin dute, eta hantxe izan da protesta. Guztira 12 lurjabe egon dira aktak sinatzera deituta. Gaur 09:30ean izan da lehenengo desjabetza, eta amaitu arte han egongo direla azaldu dute protesta egileek. "Kaltetuei babesa erakustea" izan da euren asmoa. Jakinarazi dutenez, ertzainek kide bat identifikatu dute argazkiak ateratzeagatik.

Lehenago ere egin dute desjabetzen saiakera, baina udalak ez die errez ipini. Prozedura forma akatsak topatu, eta aktak ez ditu sinatu izan alkateak. Oraingoan bai; izan ere, udalak eskatu moduan deialdia jabe bakoitzari banan-banan egin diote. Aktak desjabetu gura dituzten partzeletan bertan sinatzea zen beste eskakizun bat eta hori ere bete dute. Edozelan ere, alkateak adierazi du ez dutela amore eman: "Inork ez dezala pentsa hemen ezer amaitzen denik. Lege aldetik dauden beste tresna batzuk erabiltzen jarraituko dugu".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!