AHTaren desjabetze aktak sinatuko dituzte bihar eta etzi

Anboto 2016ko api. 19a, 10:24
Dabid Cobos alkatea AHTaren inguruan informatzeko udalak deitutako batzar batean.

Deialdietan zeuden formazko akatsak zuzendu dituztela ikusita, “nire obligazioa horiek sinatzea” da David Cobos alkatearen esanetan. Edozelan ere “inork ez dezala pentsa hemen ezer amaitzen denik. Lege aldetik dauden beste tresna batzuk erabiltzen jarraituko dugu”.

Eguazten arratsaldean eta eguen goizean AHTko desjabetze aktak sinatzera deituta daude Atxondoko 12 bat lurjabe. Gobernuko ordezkariak hainbat bider etorri dira helburu berdinagaz, baina prozeduran formazko akatsak arrazoituta alkateak ez ditu sinatu izan. Oraingoan diferentea da. Udalak eskatu moduan deialdia jabe bakoitzari banan-banan egin diote. Aktak desjabetu gura dituzten partzeletan bertan sinatzea zen beste eskakizun bat eta hori ere bete dute. Bihar eta etzi partzelaz partzela joango dira —alkatea ere berdin— jabe bakoitzarekin egoteko. Horrela, “eskatu duguna betetzen ari direla ikusita nire obligazioa aktak sinatzea da” dio Dabid Cobos alkateak.

Azken batean “hori eginda edo barik berdin desjabetuko dituzte partzelak” dio Cobosek: “Aktak sinatzerakoan egiten den bakarra partzelaren ezaugarriak eta alde biek esandakoa jasotzea da, baina jabeari babes gehiago ematen dio ondo jasota geratzen badira” eta horixe zuten helburu.

“Ez da ezertan amore ematea. Atzeratu ahal zena atzeratuta dago”. Hala ere, “guk udaletxe moduan lege aldetik dauden beste tresna batzuk erabiltzen jarraituko dugu; inork ez dezala pentsatu bihar edo etzi hemen ezer amaitzen denik”. Eskuartean beste hainbat baliabide darabiltzatela dio alkateak. Horietako bat jakina da: Solatxoko betelekua. Udalak isurtegi baimena bertan behera uzteko eskatu zion Jaurlaritzari orain hilabete baino gehiago “eta oraindik ez dugu erantzunik jaso”. Lege aldetiko beste bide batzuk ere prestatzen ari dira eta “borobilduta ditugun heinean jakinarazten joango gara”.

Edozelan ere, Cobosek ez du uste “lanik hasteko asmorik” dutenik: “Nik horren arrisku zuzenik ez dut ikusten. Elorriora joatea besterik ez dago urteetan hasitako obrak abandonatuta daudela ikusteko. Edo Iurretan. Edo Galdakaon.”

Kontzentrazioa udaletxe parean

WhatsApp bidez zabaltzen ari den mezu batek iragartzen duenez, AHTren aurka daudela adierazteko eta lurjabeei babesa erakusteko ostegunean, 09:30ean, kontzentrazioa egingo da udaletxe parean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!